12 JUIL. 2014 Udate Neu naiz joan ez zena Andoni TOLOSA «MORAU» Musikaria Bai maitea, neu naiz falta dena, joan ez dena, alferkeriak hartu duena, gogogabetu dena. Neu nauzu, inongo zalantzarik gabe, argazkian dagoen hutsunea, mariak galdu duen txanpa, hondartzan falta den zigarro muturra. Desertorea. Horixe naiz ni, ez nagoena, itzultzeko asmorik gabe agur esan duena, betebeharrekin konplitzen ez duena, elizetara sartzen ez dena, erritualak konprenitzen ez dituena, arkakuso bat, erraldoiak urrutitik begiratzen dituena (txikiagoak ikusten direlako). Bai maitea, neu naiz Manu Chaoren jaialdira joan ez dena. Jendearen gustua bakarrik egun bakoitietan egiten duena, mirariak begi okerrez ikusten dituena, desfileetan kontrako hankarekin dabilena, bidegurutzera iritsita, sekula dagokion norabidea hartzen ez duena. Pertsonak, soilik, banaka edo multzo txikitan estimatzeko gaitasun murriztua duena. Asoziala esaten didate, Zer egingo diogu. Woodstockera joan ez zen hippia, Erroman izan ez den katolikoa, Benidormen inoiz ikusiko ez duten erretiratua, hori naiz ni, tipo epel, txepel eta egoskorra, erdibidean geratzeko GPSa itzaltzen duena, festa ofizialetan muturra okertzen duena, pertsona mikatz, berekoi eta mundu gutxikoa. Horixe bada, Manu Chaoren jaialdira joan ez zena. Horixe naiz ni. Ez nuen beste ezer egiteko, ez nintzen beste inora joan, ez zidan inork debekatu, bestela, agian joango nintzen, baina ez, esan, gonbidatu, iradoki, hamaika lekutan entzun, ikusi, jakin, murmurikatu, irudikatu... ai ene! Jendeak egiten duenaren kontrakoa egin behar hori! «Buenrrollito» gehiegi ene arima nekatuarentzat, ikuskizun gehiegi ene begi nardatuentzat, jende eta asmo gehiegi ene gorputz zaharrarentzat. Bai maitea, ez nintzen joan, eta gainera, ez dakit zein izan daitekeen joango ez naizen hurrengoa.