13 JUIL. 2014 Frantziako Tourra Giroa Amets TXURRUKA Caja Rural taldeko txirrindularia Gaur amaitu da Giroa Italian. Tourrarekin batera ari dira lehiatzen. Ez, ez nabil oker. Giroaz ari naiz bai, emakumezkoenaz. Behin entzun nion Uxue Alberdiri, zergatik izendatzen zen Emakumezkoen Kontxako Bandera, eta gizonezkoenaren kasuan, Kontxako Bandera, besterik gabe. Izatekotan, Gizonezkoen eta Emakumezkoen Kontxako Bandera beharko zukeela. Logika bera aplikatu dut Giroaren kasuan ere, horregatik da arrotza sarritan, hasierako lerroan aipatutakoa. Asko daukagu ikasteko oraindik eta neu lehenengoa. Gehienetan, erabiltzen dugun terminologia ez baita zuzena, baina saiatuz ikasten omen da. Kontuak kontu, Giroa, azken orduko aldaketarik ezean eta aurreikuspenak betez, Marian Vos herbeheretarrak irabaziko du. Maila handiko txirrindularia da Marian Vos, aurkari gutxi gailentzen zaizkio parte hartzen duen lehiaketetan eta nagusitasun handia agertu ohi du ia beti. Txirrindulari profesionalak dira, baina tristea den arren, inork gutxik dakizkigu hiruzpalau izen baino gehiago. Aurten, Emakumeen Birako etapa baten ostean, Bizkaia-Panda taldeko neska kuadrilla bat hurbildu zitzaigun Girora joan ahal izateko sos apur batzuk irabazi asmoz, zozketa-txartel batzuk erosiko genizkien galdezka. Zer ironikoak diren batzuetan egoerak. Kirol diziplina batzuetan, diru kopuruaren arabera, instalazio berriak edo fitxaketa desorbitatuak egitea erabakitzen den bitartean, besteetan, nazioarteko lehiaketetan parte hartzea jartzen da kolokan, edota, eskubaloian gure neskei gertatu zaien legez esfortzuz eta duintasunez irabazi duten mailari uko egin behar izatea. Giroaren berri izatea, nondik norakoak jarraitzea edota emaitzak eskuratzea, ez da hain lan erraza izan. Informazio hori guztia jasotzeko, norbera aritu behar da bilatzen, ez baita begi bistan egoten komunikabide gehienetan. Orokorrean, emakumezkoen kirol profesionalak ez du beharko lukeen lekua betetzen, eta tarteren bat betetzen duenean, askotan, ez du zerikusirik izaten kirol arloarekin. Zorionez, hala ere, nire inguruan behinik behin, lehiaketaz aparte, parte hartzeari dagokionez, gero eta parekotasun handiagoa igartzen dut kirol ekitaldietan. Sinistu nahiko nuke, kontzientziazio handiagoa daukagulako izango dela eta ez beste arrazoi batzuengatik. Haurren kasuan ere, herri mailako kirol jardueretan ez zait diferentzia handiegirik dagoenik iruditzen. Arazoak beraz, helduagoak bihurtzen goazen heinean agertzen zaizkigu, eta baita emakumezkoak profesionalak direnean ere. Erro luzeak dituen gai honi irtenbidea bilatzea ez da bide samurra, baina arazoa plazaratu eta erreflexio txiki bat egiteko gonbidapena luzatu beharrean sentitzen nintzen. Emakume kirolari guztiei animoak eta musu handi bana bidaltzeko aprobetxatu nahi nituzke azken lerro hauek, zuenak bai daukala meritua!