14 JUIL. 2014 ZIRIKAZAN Askatasun ukiezina Josebe EGIA Iragan ostegunean, Espainiako estatu osoan eskaini zen aldi berean «El tren de la libertad. Yo decido» dokumentala, abortuaren legearen erreformaren kontra jaiotako ekimena eta Madrilerako martxa zein bertan otsailean egin zen manifestazio erraldoia erakusten dituena, estatu osoko emakumezko zinegileek filmatua. Neuk Bilbon ikusi nuen, jakinaren gainean eragingo zidan sentimendu nahastea: batetik, sinestezina delako Gallardónen tema jendartea, eta bereziki emakumeok, duela hogeita hamar urteko egoerara baino okerragora eramateko; bestetik, ez hanka ez bururik ez duen erreforma horrek nabarmen utzi duelako ez gaudela lo, agerian utzi duelako jendartearen gehiengoa, emakume zein gizon gazte, heldu eta agureak, ez dagoela prest gutxi batzuen moral hipokritaren inposaketa onartzeko. Azkenik, elkartasunak eta mobilizazio kolektiboaren indarrak beti eragiten didatelako itxaropenerako grina oso hunkigarria, eta sinesten dugun horretan aurrera jarraitzeko estimulu izugarria delako beste asko eta asko norbera bezain gogotsu hautematea. Dokumentala ikusi aurretik, ekimenaren sorrera kontatu zuen berau abian jarri zuten elkarte feministetako kide batek. Bereziki bi gauza azpimarratuko nituzke, pozgarria bata, tamalgarria bestea: alde batean, antolatzaileek espero ez zuten eragina, bat egin edo nolabait parte hartu nahi izan zutenen gogo-adierazpena, trenak jaso zuen atxikipen erraldoia; bestaldean, estatuko hedabideetan halako martxari emandako oihartzun eskasa, han-hemenka tokian tokiko prentsan-eta argitaraturiko bizpahiru lerroz harago: zein lotsagarria atzerrian jasotzea hemen emakumeok, bereziki, egiten ari garen aldarrikapenaren gaineko jarraipen eta babes handiagoa. Artikuluak eta artikuluak bete nitzake dokumental horretan jasotzen diren hainbeste iritzi eta esanen inguruan, emakumeon askatasunaren kontra argi eta garbi egiten duen lege-erreforma horren atzean dagoen guztiari alderdi ugaritik begiratzen dioten heinean. Ez direlako mugatzen, jendarte gisa jada ez garelako mugatzen, haurrak eduki edo ez eduki beharraren inguruko eztabaida faltsu eta gainditu horretara. Gallardónen eta azerikeria osoz gehiengo absolutuaren kartapean berarekin bat egiten dutenen zoritxarrerako, azken hogeita hamar urteotan jendartea aldatu egin delako, hazi, hezi. Ondotxo dakigu pro-bizitza jarrera hori, aukeratu ez dugun kutsu erlijiosoz bustiriko lelo horiek, falazia hutsa direla: emakumeon kulpa-sentimenduari eragiteko maniobra besterik ez, beste helburu batzuk lortzeko emakumeoi zuzenduriko xantaia emozional zikina. Badakigu eta borrokatzen ari gara. Halere, dokumental horretan hainbestetan entzuten den «Badezakegu!» hori uste ustelean gera liteke. Pertsona ororen askatasunean sinesten dugun norbanakook ez bezala, ordezkatzen gaituzten alderdiek, geure erakundeek eta legea aplikatu ala ez erabaki dezaketenek borroka horretan aktiboki parte hartu ezean, ekintzaz eta ausardiaz berretsi ezean emakumeon askatasuna ukiezina dela. Politikan hain ohikoak diren aitzakiarik eta saihesbiderik gabe, jendarteari hutsik egin gabe.