GARA Euskal Herriko egunkaria
Aizkora | Nafarroako Binakako finala

Erasunek eta Rekondok atera zuten aginte makila

Leitzakoak eta Aurtizkoak sekulako maila erakutsi zuten Iruñeko plazan.


Gazteak hasi dira Nafarroan aginte makila hartzen, atzo Jon Rekondok eta Ander Erasunek osatutako bikoteak irabazi baitzuen Nafarroako Binakako Txapelketa. Berriro ere jendetza handia batu zen Foruen plazan. Bikote bakoitzak sei kana-erdiko eta beste horrenbeste 60 ontzako ebaki zituen.

Leitzakoak eta Aurtizkoak sekulako abiadarekin ekin zioten finalari, eta berehala hasi ziren aldea ateratzen. Nazabal eta Saralegi saiatu ziren jarraitzen, baina ezin izan zuten. Rekondo eta Erasun sekulako sasoian agertu ziren Nafarroako hiriburuan. Biek egin zuten lan bikaina, baina batez ere Erasunen lanak utzi zuen jendea aho zabalik. Ikaragarrizko maila eman zuen, eta garbi dago gorakada handia egin duela azken urte honetan 23 urteko gazte honek. Jon Rekondok ere itxura oso ona eman zuen. Floren Nazabal eta Ruben Saralegi ez ziren gaizki aritu, baina atzo beste bikote bat izan zen guztien gainetik aritu zena.

Atzo jokatu zen baita ere Nafarroako orga-jokoko finala, eta Xabi Urrutiak irabazi zuen, guztira 2 itzuli, 1/4 eta 4,10 metro egin zituen. Bigarren Josetxo Urrutia sailkatu zen eta honek 2 itzuli, 1/4 eta 4 metro egin zituen. Hirugarren Zugarrondo geratu zen, 2 itzuli eta 2 metro eginda. Festei bezalaxe, gaur emango zaie Iruñeko jaialdiei amaiera, eta 12.00etan azken saioa jokatuko da.

Gaurkorako Nafarroako mutilen txinga txapelketa geratzen da. Berruezo eta Callaghan daude izena emanda, baina azken hau atzo ez zen orga-jokoan atera, nahiz eta izena eman zuen.