15 JUIL. 2014 Frantziako Tourra Hankaz gora Amets TXURRUKA Caja Rural taldeko txirrindularia Beste hautagai nagusi bat hankaz gora erori eta Tourra bertan behera utzi beharra izan ondoren, gogoetarako arrazoiak badaudela uste dut lasterketa honen inguruan. Izan ere, azken urteotako erorketa eta lesio andana ez da ohikoa. Hala ere, aurten hautagai nagusiak erori izanak oihartzun handiagoa izan du, baina ezin da ahaztu, aurreko urteetan ere asko izan direla lehiaketatik kanpo geratutakoak. Dena dela, gaur Alemaniaren nagusitasunaz hitz egin nahiko nuke, baina ez atzo eta gaurko egunkari guztiak betetzen dituen futbol selekzioaren nagusitasunaz, Tony Martin txirrindulariaz baizik. Igandean honek egindako balentriak txundituta utzi ninduen. Munduko espezialistarik onena dela argi utzi du azken urteotako erlojuz aurkako saioetan, edo hobeto esanda, bakarkako lanetan. Igandeko etapan ere, ihesaldian sartu zen eta ondoren, helmugarako berrogeita hamar kilometro baino gehiago falta zirenean oraindik, bakar-bakarrik aurrera egitea erabaki zuen. Egia da hori egiteko gaitasuna baduela erakutsi zuela lehen ere, baina aurretik gertatutako guztia kontuan izan behar da. Etapa hasieran dena hankaz gora jarri zuenean, 25 txirrindulari inguruko taldetxoa osatu zen alemaniarra harrapatzeko intentzioarekin, eta hala ere, ez zuten gaitasunik izan beronekin bat egiteko. Bakarrik iritsi zen helmugara, azken 25 km-ak 50 km/h abiaduran eginda. Inor gutxik egin dezake halakorik, are gehiago, esango nuke berak bakarrik egin ditzakeela halakoak. Hori gutxi ez eta biharamunean, ihesaldia eginda egon arren, bere taldekide Kwiatkowski gurpilean hartuta atzeko tropeletik eraso, ihesaldira iritsi eta inori erreleborik eskatu gabe tropelari sekulako hordagoa bota dio. Igandean etapa hankaz gora jarri bazuen, astelehenean sailkapen nagusia, Kwiatkowski bere taldekidearen mesedetan. Tony Martinez gain, Tour honetako esprintetan Marcel Kittelek erakutsi du nagusitasuna. Andre Greipelek irabazitakoa ez, baina beste esprint guztiak irabazi ditu mutilak. Gorputz sendoko bi alemaniar hauek abiadura handiko esprintetan espezialista handiak dira. Txirrindularitza, gero eta espezializatuago dagoela adierazten dute adibideok. Garai bateko txirrindulariek denetarik egiten zuten: aldapak azkar igo, erlojuz aurkako onak, esprintatu... Hasi otsail-martxo bueltan eta irail-urrira arte, parte hartzen zuten lasterketa guztiak lehiatzen zituzten. Gaur, ordea, askoz neurtuago dago dena. Txirrindulari bakoitzak bere espezialitateari eta momentuari etekina ateratzeko ahalegina egiten du. Beste aldean, ordea, pisu gutxiko igotzaile arinak daude. Gaurko kasuan Joaquin Rodriguez kataluniarrak etekina atera nahi izan dio bere gorputz txiki eta arinari. Malda gogor hauetan ez du parekorik baina Nibalik berriz erakutsi du bere momentua iritsi dela eta espezialitate guztietan ongi moldatzen ari denez, ezer ez duela oparituko.