17 JUIL. 2014 Frantziako Tourra Zorionak, Miguelon! Amets TXURRUKA Caja Rural taldeko txirrindularia Mende erdia bete zuen atzo atarrabiar handiak. Karmen egunez jaio zen Miguel Indurain, eta urtero gogoratzen naiz bere urtebetetzeaz, umetan eredu izan nuelako alde batetik, eta Markinako jaiak egun horretan direlako, bestetik. Txirrindularitza profesionala alde batera utzi zuenetik hemezortzi urte pasatu badira ere, zaleen oroimenean bizirik diraute Indurainen balentriek. Bost Tour jarraian irabazteak ospe handia eman zion txirrindulariari. Mundu osoan da ezaguna Miguel Indurain. Gaztetxo asko izan ginen boom haren eraginez pedalei eragitera animatu ginenak. Lizentzia kopuruak asko hazi omen ziren garai hartan, eta txirrindularitza begi onez ikusitako kirol bilakatu zen. Erregulartasuna, esfortzua, diziplina, konpromisoa, baina batez ere, umiltasuna moduko balioak transmititzen zituen kirolari maitatua zen. Txirrindularitzaren eta bereziki Tourraren historian inork aztarnarik utzi baldin badu Indurain izan dela esatera ere ausartuko nintzateke. Bere kirol ibilbide oparoa eta lasterketa honetan erakusten zuen nagusitasuna agerikoak ziren, baina bere gizatasunak egin zuen handi Miguel. Gorputzez bezain handia izan da bihotzez beti, eta gainerako kirolari eta zaleenganako gizatasuna eta errespetua erakutsi izan ditu. Gogoan dut Tourra lehiatzen ari nintzen batean, erlojuz kontrako etapa egin aurretik arrabola egiten ari nintzela gerturatu zitzaidala. Egiten ari nintzen Tourragatik zorionak eman zizkidan eta aurrera begirako etapetarako zer gorputzaldi eta animo nituen galdetu zidan. Apal-apal agertu zen, oso gertuko, halakoa omen da izaeraz eta. Niri sekulako ilusioa egin zidan, eta egiten dit oraindik ere oso noizean behin ikusten dudanetan. Gizon handia da Indurain. Handiak egin ditu eta bere izaerak eta portaerak handiago egiten duela iruditzen zait. Bizikletaz ibiltzen omen da Atarrabia inguruetan eta ez omen ditu bertute guztiak galdu. Caja Rural taldeko kidea da haren semea eta, haren aitzakian, berriz ere entrenamendu on batzuk egiten hasi zenetik, putz ederrak ateratzen omen dizkie bidelagunei. Txirrindularitza ogibide duen lagunen batek baino gehiagok ere aitortu dit inoiz bidean elkartu eta estutu izan duela. Oraindik ere asko eta asko dira, entrenatzen ari garen bitartean autoz pasatzean edo bide bazterretik «Aupa Indurain!» oihukatzen digutenak. Itzal handia utzi du Miguelek eta merezitako zorionak nire partez.