GARA Euskal Herriko egunkaria
ZIRIKAZAN

Txalotu nahi ditudanak


Maiz pentsatu dut, idazteko orduan, edozein nagusik argi eduki beharko lituzkeen estrategietako bat: langileen onena ateratzeko, euren gaitasunetan ahalik eta gehien eragiteko, okerrak nabarmendu bai eta ondo eginak ere bai, korapiloei irtenbideak eman bai eta lorpenak txalotu ere bai. Arazoei baino ez dienak erreparatzen ez du sekula jendearen onena eskuratuko, ez baitio ezer onik eragingo, frustrazioa eta nekea besterik ez.

Zenbaiten irakurgai naizen aldetik, aldizkakoa eta xumea, estrategia hori neure egiten saiatzen naiz, nahiz eta, egia esanda, kosta egiten zaidan: gauza gehienek, genero ikuspuntutik begiratuta, hurbilago jarraitzen dute arazo eta injustiziatik benetako lorpenetik baino; bidean gara, urratsez urrats ari gara aurrera egiten, polikiegi, egonkortasun eskasegiz, gehiegi borrokatuz, ordea. Zaila da baikortasunari eustea ikusiz zelan kentzen ari zaizkigun, jendartearen gehiengoa osatzen dugun herritar xumeoi, inolako eliteko kide ez garenoi, urte luzeko borroketan, gizon-emakume askoren grinak eta izerdiak busti zituzten horietan, ondorengoentzat erdietsitako eskubideak, pertsonoi begirako aurrerapen sozialak. Amorrua ematen du egiaztatzea nola berdintasuna, askok utopia hutsa dela sinesteari uko egiten dioguna, paperean gauzatzen den oraindik gehienbat, eta, batzuetan, ezta hor ere.

Halere, baikortasunerako zailtasunak eta barne amorruak alde batera utzita, pozik idazten ditut lerro hauek gaur. Azkenaldian, begiratzen dudan tokira begiratzen dudala, sentsazioa baitaukat emakumeoi zuzendutako edozein gehiegikeria, eraso edo errespetu falta ez dugula barkatzen, ez leuntzen, are gutxiago zuritzen. «Txorakeria» txikienagatik ere, asaldatu eta antolatu eta geure aurkakotasuna adierazten ari garela, eta prentsan, telebistan, lagunartean eta kasuan kasu dagokion erakundearen aurrean argi eta garbi esaten ari garela: Hortik ez gara pasako! Berebiziko konbentzimenduaz azken hitza esaten duenaren irmotasun inspiragarri horrekin.

Neure sentsazioaz harago, egiaztatzeko aukera izan dut: uda garaiko festa askotan eraso sexisten aurka gauzatzen ari den mugimenduarekin, «Ez beti da ez» leloari ematen ari zaion hedapen indartsuarekin; neska kirolari jakin batzuei uniformea inposatu nahi izan dietenean sorturiko erreakzioarekin, haien eta beraien gizonezko kideenarekin nahiz jendarteko gainerako beste askorenarekin; CEOEren presidenteak etxekoandre askok egindako ustezko iruzurraren gainean esandakoen aurreko jarrerekin; emakumezko politikariei esleitzen zaien trataeraz eta euren lidergo gaitasunaz -inondik ere, gutxietsia- hausnartzeko antolaturiko mahai-inguruarekin...

Segi nezake, badaude-eta berdintasunaren xedeak atzera bueltarik izango ez duela erakusteko gertakari askoz gehiago, geure pozerako, baina ez dut lekurik! Badudana, eta lerro hauen bidez kutsatu nahi nizuekeena, da Euskal Herriko jendartean gauzak argi eta garbi izanda emakumeon mesederako huskeria bat bera ere onartzen ari ez garen guztiok txalotzeko gogoa.