GARA Euskal Herriko egunkaria
Tour

Euskaldunon Tourra


Tourra Frantziakoa den arren, lasterketa honen zati txiki bat euskaldunona ere badela esatera ausartuko nintzateke hanka sartzeko ardura handiegirik gabe. Urtero uztailean jokatzen den kirol ikuskizun handi honek asko jaso du euskaldunengandik, bai kirolarien aldetik, baita, eta batez ere, zaleengandik ere.

Behin edo behin tropel koloretsuaren partaide izan den edozein txirrindulari gai izango litzateke bide bazterretan pilatzen diren zaleen sailkapen bat egiteko.

Frantziako zalea kuriosoa da. Izan ere, txirrindularien argazki zahar eta autografoak modu ordenatuan sailkatzen ordu asko pasatzen ditu, baina bide bazterrean motel samarra da eta laguntza gutxi eskaintzen du. Italiar zaleak berriz, guztiz kontrakoak dira. Iskanbila ikaragarria ateratzen dute eta edozein astakeria egiteko gai dira. Tifosi italiarrek edonon egonda ere, beraien estilo berezian bizkor antolatzen dituzte festak. Espainiarrek txirrindulari askorik ez dute ezagutzen, baina edozeini edozer eskatzeko gai dira. Zenbat eta hegoalderago, orduan eta gehiago eskatzen dute, gainera; ur pote bat eskatzetik has daitezke eta betaurreko, kasko edota bizikleta eskatu didaten kasuak ere izan ditut. Herbehereetakoak eta Belgika aldekoak garagardo usainagatik identifika daitezke. Zaletasun eta jakituria handia dute kirolaren inguruan, baina zenbait egoerak eskuetatik ihes egiten dien susmoa dut.

Hari honetatik tiraka, zerrenda luzea egin daiteke, ordea, guztien artean txirrindulariek gehien estimatzen dutena zale euskalduna da: lasterketa buruan zein azken grupetoan doana animatzen duena, kirolari gehienak ezagutu eta errespetuz tratatzen dituena, bide bazterrak alaitu eta errepideak txirrindulariak animatzeko pintadez betetzen dituena.

Egunotan Tourra Pirinioetan zehar dabil eta, espero bezala, ikusi ditugu zale euskaldunok bide bazterretan ikurrinak astinduz. Jarraitzaileek egiten duzue horren handi lasterketa hau, eta horregatik diot Tourra hein batean euskaldunona ere badela. Irteeran zeuden bederatzi euskaldunetatik zazpi geratzen dira. Zoritxarrez, Xabi eta Egoitz erorketen ondorioz etxera bueltatu dira, baina gainerakoak lan ederra egiten ari dira.

Gaur bertan protagonista izan dira Beñat eta Jon, Valverderen mesedetan. Haimar sailkapeneko onenekin ikusi dugu beste egun batez ere. Azken mendatearen jaitsieran zulatu baten ondorioz denbora galdu duelako galdu du sailkapen orokorreko top ten-a. Ikaragarria!

Geratzen diren bi etapetan euskaldunek zeresan handia emango dutela uste dut. Hasi da Pirinioetako festa!