24 JUIL. 2014 Frantziako Tourra Hastapenak Markel IRIZAR Trek taldeko txirrindularia Ordu pare bat pasa dira Saint Laryko etapa bukatu dugunetik, eta oraindik ere «txoitik urtenda» nabil. Egia da jada oso nekatuta sentitzen naizela, baina egun hauetan sentitu dudanak laster ahantzarazten dizkit nekeak eta hankako minak. Gure zale eta ikurrinen aurrean etapa hauek egitea ikaragarria izan da, eta emaztea eta semeak hotelera bisitan iritsi, eta burrunba eta zarata hasi bitartean (gure 3 trasto txiki horiek hoteleko bakea eta isiltasuna txikituko dutelakoan nago...), nire barrenean, argazki kamera batekin aterata bezala grabatuta dauden irudi batzuk errepasatzen nabil. 15 urte nituela, gurasoekin hitz egin nuen ia atletismotik txirrindularitzara aldatzeko aukerarik izango zen. Inongo oztoporik gabe eta babes osoaz, etxekoek baiezkoa eman, eta horretarako behar nuen bizikleta erostera joan ginen hortik egun gutxira. Horrela, Oñatiko Lizarralde Kirolak-en, nire lagun Mitxelotoren dendan, gurasoek gaur egungo nire mendiko bizikletak baino gehiago pisatzen zuen Contini orlegi bat erosi zidaten. Horrela, herriko klubean, Aloña Mendin izena eman, eta Lizarralde Kirolak-ek babesten zuen taldearen maillotaz egin nuen debuta Beasainen. Lizarralderen denda, babesle izateaz aparte, ia nire bigarren etxea bihurtu zen. Dendan solasean, Txikirekin ordu piloa ematen nituen materialaz hitz egiten eta trasteatzen. Nik altzairuzko bizikleta nuen arren, jada hasi ziren aluminiozko aurreneko bizikletak Mikelen dendara iristen. Baina egun baten, gorria, zuria eta urdina zen karbonozko kuadro bat muntatzen ikusi nuen Mikel. Egun hartan, bizikleta harekin maiteminduta geratu nitzen, eta neure buruari esan nion, lana egin eta sos batzuk aurreztean marka horretako bizikleta bat erosiko nuela. Egun hartatik urte mordoxka bat pasa direnean, uste dut inork gutxik pentsatuko zuela urte batzuk geroago txirrindulari izateko ametsa beteko nuela. Tropelean gauden txirrindulari guztiok ala ia guztiok esango nuke, gure hastapenetan, boluntario moduan, trukean ezer espero gabe lan egiten duen jende pila bat lagun izan dugula. Nire kasuan, Mikel, Jose Luis, Jose Angel eta Kepa dira urte guzti hauetan laguntzen eta babesten izan ditudan lagunetako batzuk. Val Louronen gora, Oñatitik etorritako 2 autobusetako zaleek muntatuta daukaten mobidaren alma materra, Mikel Lizarralde, orain urte mordoa maiteminduta utzi ninduen bizikleta markaren bisera jantzita ikusten dudanean, konturatzen naiz azken finean ez garela horrenbeste aldatu, ezta? Mitxelotok lehen bezain beste bizi du txirrindularitza, eta niri kirol hau orain 20 urte bezain beste gustatzen zait. Mikelek ekarri dizkidan oroitzapen horien aitzakiarekin, eskerrak eman nahiko nizkieke, txirrindulari eskola zein herri ekimenetan lan egiten duten boluntario guzti horiei. Eta boluntario eta borondatearekin amaitzeko, eskerrak baita ere, bide ertzean beste behin animatzen, ura eta coca colak eman eta babesa erakusten egon zareten guztioi. Ondo baderitzozue, Unai eta Aimarrekin erraldoietara jolastera noa, azken 3 asteetan ez naiz-eta beraiekin jolastu. Etzi arte.