GARA Euskal Herriko egunkaria
UDATE | Baionako Bestak

Bertako mozkinak jan eta edateko aukera Chaho kaian

Aurten ere, bigarrenez, Laborarien Xokoa antolatu du ELBk. Herri laborantzan oinarritutako etxe-ekoizpenez gozatuko du Chaho kaian duten karpara 11.00etatik 23.00ra bertaratzen den orok.


Iaz bezala, Chaho kaian kokatu duten Laborarien Xokoan, berrogei bat laborari eta laguntzaile janaria prestatzen arituko dira egunero, bestazaleen apetitua asetzeko. Panpi Sainte-Marie ELB sindikatuko idazkari nagusiak gogorarazi du, iaz etxeko hanburgesa izan zela gehien eskatu zen produktua. «Kantitate arazoak ere izan genituen, baina aurten askoz gehiago egiteko mozkinak ekarri ditugu», adierazi du.

Leku askotatik heldu ohi da jendea Baionako bestetara, eta laborarien xokoa «guztien jantokia» izatea dute xede. «Turistak ere ongietorriak dira, jakina», dio Sainte-Mariek. Halere, publizitate aldetik gauzak «hobetu» behar dituztela aitortu du laborariak.

Izan ere, Herriko Etxearekin hiru urterako izenpetu kontratuari esker, Laborarien Xokoak Lapurdi hiriburuko bestetan egonkortzeko bidea hartu du. Etorkizunera begira jartzea «oso positiboa» da, Sainte-Marieren iritziz. Jean Rene Etchegaray Baionako auzapeza ere oso pozik omen da lortutako akordioarekin.

Menu osoa

Natura errespetatzen duen herri laborantza aldarrikatuz, bost eguneko besta ederra espero da Chaho kaian. «Kontsumitzaileek hiri ondoko mozkinak jateko aukera dute, eta bide batez lurra zaintzen duen laborantza ezagutzeko parada dute», nabarmendu du ELBko ordezkariak.

Janaria ugaria izanen da eta Ipar Euskal Herriko leku guztietakoa. Etxeko hanburgesa famatuaz gain, kintoko xerrikia, antzarkia pasta ekologikoekin edo xerriki eta biper omeletarekin gozatzen ahalko da. Entsalada freskoak ere izango dira, atun, tomate eta pastekin osatuak. Postrerako, gasna, euskal bizkotxa edo ardi-esne izozkiak dastatzen ahalko dira.

Zintzurra bustitzeko, berriz, ez da aukerarik faltako. Elgoibarko ur «freskoaz» gain, bertako Akerbeltz eta Bob's Beer garagardoak, Irulegiko arnoa, Eztigar sagarnoa eta sagar zukua besteak-beste.