27 JUIL. 2014 Tour Marrazo horia Amets TXURRUKA Caja Rural taldeko txirrindularia Aurtengo Tourrak ere eman ditu onenak, horrenbestez, bihartik aurrerako bazkalosteak ez dira berdinak izango, ez Navacerradako inguru honetan behintzat. Luze egin behar zaizkit arratsaldeak. Parisera iritsiko diren txirrindulariak Tourra bukatzeko gogoz egongo dira, baina guk tristura apur batekin agurtuko dugu. Sorpresaz betetakoa izan da aurtengo lasterketa. Hasierako egunetako Cavendishen, Froomen eta Contadorren erorketek markatutako Tourra izan baldin bada ere; Nibali Marrazoaren nagusitasuna ikaragarria izan da. Zenbait gazte frantziarren loraldia ere azpimarragarria izan dela uste dut, Saganek erregulartasunaren elastikoa lortu du, baina bigarren postutik ezin aurrera eginda gelditu da etapa bat baino gehiagotan, eta horrek amorrua emango ziolakoan nago. Puritok Tourrera zekarren asmoa bete ez badu ere, polita izan da mendiko maillota lortzeko izan den norgehiagoka, baita liderra izan ohi dena beste zeregin batzuetan lanean ikustea ere. Tony Martinen erakustaldiek aho bete hortz utzi gaituzte denok, historian zehar gogoratuko dira. Gureei dagokienez, Porteren txakalaldiak Mikel Nieveren zeregina eta lekua baldintzatu ditu, mendian bere kalitatea erakutsi badu ere. Movistarreko euskaldunak euren liderraren mesedetan lan ikaragarria eginaz, husten, ikusi ditugu. Eta nola ez, Haimar Zubeldiak egindako lan zoragarria aipatzekoa eta zoriontzekoa da: hamahirugarren Tourra eta bosgarrenez Top 10. Baleseko jaitsieran zulaturik izan ez balu... Hori bai, arazoak arazo, eredugarria inondik ere usurbildarraren ibilbidea! Taldekideen babesak eta eguneroko ezkutuko lanak telebista aurrean aparteko dirdirarik ez baldin badu ere, lan handia egin du bere taldekide oñatiarrak ere. Erlojupekoan erakutsi duk Tour honetan izandako maila, eta, beraz, aupa hi, Markel! Kinieletako balorazioak egiteko egunak dira datozenak: tabernetakoak, lagun taldeetakoak, lankideen artean egindakoak, baina, batez ere, urtez urte puzten doan Tropelakoa. Dirua baino gehiago, fulanito edo benganito baino aurrerago bukatzea izaten dugu helburu. Markak hausten jarraitzen dute, eta, aurten, gure mugetatik harago ere iritsi dira: 16.000 parte hartzaile baino gehiago lortu ditu teknologi berrietan euskararen presentzia indartzea helburu duen elkarteak. Ondo egindako lanaren emaitza da jendearen erantzun zabal hori. Animo eta aupa zuek, Oihan eta Egoitz! Eta badoa aurtengoa ere. Champs-Elysees ederreko azken jaiaren atarian, afari berezia eta giro alaia izango dute Tour gogor honetan biziraun duten txirrindulariek. Merezita inondik ere! Frantzian ditudan lagunak jai giro horretan dabiltzan bitartean, kuadrillako lagunak herriko jaietan parrandan dabilzkit eta handik ere sarri-sarri iristen zaizkit mezu xelebreak Madrilgo mendilerro honetara. Baina oraingoz jaiak ahaztu eta gogor entrenatzen jarraitzeko asmoa daukat, Espainiako Vuelta ere begi bistan dago eta. Zutabetxo honetako azkenengo lerroak, GARA egunkariari eta zuei irakurleoi eskerrak emateko baliatu nahi nituzke. Beste behin, plazer bat izan da!