GARA Euskal Herriko egunkaria
ZIRIKAZAN

Norena da erantzukizuna


Saiatu naiz nire burutik ezabatzen, baina ezin. Zuek ere, berria irakurri bazenuten, ziurrenik zur eta lur geratuko zineten sabela nahastuta, une batez hausnartuz nola daitekeen pertsona batzuk oraindik Cro-Magnonak baino okerrago izatea eta nork bere duintasuna, eta horren antza eduki lezakeen norbere buruari buruzko edozein balio, hain merke eta itsusi saltzea...

Mallorcako herri batean, bares-mamading izenarekin egin dira ezagun zenbait taberna, gaztelaniazko kaleko hizkuntzan zakil-zurrupadari esaten zaion berba horri ingeles ukitua emanda, zein kosmopolita (ezinbestean, kosmoitsusia ez baita existitzen). Ezin dut burutik ezabatu ekintza hori taberna jendetsu baten egiteak dakarren argazkia: Jodie Fosterrek «Akusatuak» film hartan bezala, barrurago sartzeko, azkarrago egiteko edo dena irensteko, edo auskalo!, ingurukoen garrasiak jasanez, gizon pila batek emakume bat inolako gupidarik gabe umiliatuz eta zaborraren pare tratatuz. Filma, baina, bortxaketa baten erretratua zen, egilearen erantzukizuna ez ezik, nahi edo nahi gabe ikusle bihurturikoen ekintza edo ekintza ezaz eta, era berean, arduraz hausnartzera bideratua.

Kasu honetan, ordea, ez dago bortxaketarik, guztiok ulertzen dugun zentzu hertsian, behinik behin, beren borondatez hartzen baitute parte denbora jakin batean ahalik eta fellatio gehien egiteko txapelketan emakumeek -jakina, emakumeei baino ez dago zuzenduta-. Ezin dut burutik erauzi irabazleak, akituta eta zikin, baina harro, pozarren jasoko duela saria: bere egonaldian, doan edan ahal izatea nahi beste taberna horretan. Ezin diot utzi pentsatzeari zenbat litro alkohol izango duen gorputzean, miazkatzeari ekin aurretik, horretarako prest dagoenak, zer-nolako gabezia eta arazoak bere barnean, non galdu ote zuen autoestimua, eta zein lagun gutxi inguruan. Ezin diot utzi pentsatzeari tabernari -eta ikusle- horien barruan zer gordetzen ote den, zer tratu emango ote dieten beren hurbileko emakumeei.

Eta, ezinbestean, ezin utzi pentsatzeari nola daitekeen halako zikinkeria modan egotera ailegatu izana, atean bertan oka egiten hasteko beharra eragiten duen bares-mamading hori jende artean hedatzera iritsi izana... Herri horretan ez al da, adibidez, udaltzainik? Herri horretako biztanleek, oporrak ematera joandakoek, guztiek ere, normaltzat jotzen al dute herriko tabernetan neska gazte atzerritar mozkortiak horrela umiliatzea? Ezin alde batera utzi, kasuaren ñabardurak ñabardura, «Akusatuak» eragindako hausnarketa: erantzukizuna, norena da?

Pentsatu nahi dut, pentsatu beharra dut, lerro hauek idazten ari naizen unean, Emakumearen Institutuaren esku-hartzearen ondorioz, iraganeko kontua izango dela arestian aipatu argazkia; pentsatu nahi dut Espainian barna udaldian hainbeste eta hainbeste atzerritar jasotzen dituzten herrietako biztanleek errespetuz tratatuko dituztela emakumezkoak, inola ere ez gizon lizun eta edanzaleen gozamenerako tresna merketzat. Eta pentsatu nahi dut, batik bat, herritarren gehiengoak zer edo zer egingo lukeela halakorik ikusiz gero, gutxienez eta hasteko, kristoren sumina sentitu.