04 AOûT 2014 Etxerat-en ekimena hondartzetan Senide eta lagunen indarra eta emozioak olatuak bezalakoak dira Olatuen antzera, joan-etorrian ibiltzen dira, batzuetan ahulago, bertzetan indarrez. Eta olatuak bezala, beti daude hor. Errepikakorrak eman dezakete, baina ez daude bi berdin. Euskal preso, iheslari eta deportatuak non, han daude senide eta lagunak eta argi utzi zuten atzo, Euskal Herriko hamabi hondartzatan, hala segituko dutela, denak etxera ekarri arte. Maider IANTZI Bisiten antzera, ederra eta aldi berean gogorra izan da Donostiako mobilizazioa. Emozioak olatuak bezala etortzen ziren; batzuetan onak, bertzeetan tristeagoak... Kamiseta gorriz jantzitako neska-mutiko sahararrak hatzekin V bat marraztuz pasatu diren unea, adibidez, hagitz berezia izan da. «Aupa Sahara!» oihukatuz eman dizkiete animoak elkarri haurrek eta presoen senideek Nautiko aldean gurutzatu direnean. Bertan jarri du hitzordua Etxeratek eguerdian. Urte sasoi honetan eta Donostiako Kontxa inguruan ohi den bezala, jendez beteta dago dena, denetariko jendea, aunitz eta aunitz turistak. Emakume bat ahopean zerbait goxoa kantatzen ari da frantsesez barandillan jarrita, familia eta lagunak «Euskal preso, iheslari eta deportatu politikoak etxean nahi ditugu» pankartarekin hondartzara sartzen diren bitartean. Goian, pasealekuan, gelditu dira bertze batzuk esku-orriak banatzen. Horietako bat eta abesten ari den emakumea solasean hasi dira eta honek zorte ona opa die. Estatuarena egiten ari den pailazoak ere atseden hartu du martxa ondotik igaro zaionean. Bera ere begira gelditu da, pasealekua den etengabeko jende zurrunbiloan bertze aunitz eta aunitz bezala. Argazkiak egiten dituzte batzuek. Bitartean, legarretan, eguzkitik babesteko txapela, eguzkitako betaurrekoak, ura eta krema hartuta, familia eta lagunek ahal bezala egiten dute aitzinera toallan etzanda dauden lagun, putzuetan kubo eta palarekin edo baloiarekin jostatzen ari diren haur eta uretan freskatzen dauden pertsonen artean. Marea goian izanik, hondar gutti dago eta ur errekak ere zeharkatu ditu martxak, oinak bustitzean plazera sentituz. Hondartzako itzulia amaitu eta eskailera goiti La Perla parean atera dira pasealekura, eta handik oihu artean abiatu dira bueltan Nautikora. «Presoak kalera, amnistia osoa! Euskal presoak, etxera! Amnistiarik gabe bakerik ez!». Gorri-gorri, nekea aurpegian, a ze indarrez egiten duten garrasi gizon-emakumeek, kartzelan edo erbestean dituzten maiteak oroituz. Luzea da parte-hartzaileen ilara eta batzuetan oihartzuna dirudite abesti eta oihuek, kanta bera denbora desberdinean kantatzen dutelako aurrerago edo atzerago doazenek. Bidean, geldialdia egin dute La Rotonda dagoen lekuan eta testu bat irakurri dute Garazi Alegriak (Xabier Alegriaren alabak) eta Agustin Rodriguezek. Eurentzat ez dela oporrik gogoratu dute, eskubideen urraketak jarraitzen duelako. «Hondartzetan nahi ditugu! Etxean nahi ditugu!». Nautikora iristean, banderak tolestu eta taldetxotan banatu dira, baina oihuak ez dira isildu. Eta gizon batek hala bota du: «Bueno, ondo atera da, eguraldiak lagundu du...». Iazkoa baino jendetsuagoa izan dela aipatu dute. Jon Ijurko Parte-hartzaileen artean dago Jon Ijurko, aste honen hasieran libre gelditu den Jokin Aranalde Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboko mintzaidearen (EIPK) koinatua. Astearte arratsaldean atera zen Soto del Realeko espetxetik eta Ijurkok malkoei ezin eutsiz oroitzen ditu egunotan bizi izan dituzten momentuak. «Ez genuen espero, kontuan hartuta Frantzian berriro bizitza normala hasi zuenean zazpi egun egin zituela, gehiago ez. Segituan atxilotu zuten, oso bortitz, gau berean eraman zuten Donostiara, hurrengo egunean Madrilera, eta baldintzarik gabe kartzelatu zuten». Askatu zuten egun berean Jokinek berak deitu zion bikotekideari, Jonen arrebari, 19.00etan, eta alabari muxu handi bat bidaltzeko eskatu zion. Alaba, Maite Aranalde, ere kartzelan dago, Poitiersen. 19.20ean, izugarrizko ezustea, berriro deitu zion. «Norbait bidali bi ordu barru libre uzten naute-eta». Eta handik hamar minutura libre utzi zuten. «Kartzela atarian utzi zuten. Esan zioten ez zegoela telefonorik deitzeko, ez barruan ez kanpoan, herria ere oso urruti zegoela (gezurra da, ez dago hain urruti) eta orduan hiru ordu eta gehiago egin zituen han zain. Esaten zuen hamabost bat kilometro egin zituela atzera eta aurrera paseatzen!». Semea eta emaztea joan ziren bere bila eta goizeko bostak aldera heldu zen Ibarrara. Han lehenbiziko omenaldia egin zioten, «oso hunkigarria», eskualdeko 150 bat lagunek. «Oraindik lurreratzeko dago», adierazi zuen koinatuak. Itziar Goienetxe Mobilizazioan da Itziar Goienetxe ere, Xabier Alegria Euskal Preso Politikoen Kolektiboko (EPPK) mintzaidearen bikotekidea. Ostiralean atera zen Errenteriatik Puerto IIIra eta igandean, 11.00 aldera bueltatu da. Aste honetan bereziki hagitz berandu ibili direla kontatu digu: «Andaluziako autobusak lau kartzela egiten ditu eta batean elkarbizitza haur txikiarekin daukaten gurasoei arratsaldean jartzen diete hitzordua. Hau da, lagundu beharrean haurrak gaueko orduak arte edukitzen dituzte zain. Horrek atzeratu duenez, bi egun eta bi gau pasa ostean oraintxe iritsi gara». «Orokorrean ongi» aurkitu du Xabier, bai bera bai lagunak. Hori bai, honako erantzuna jaso dute Puerto IIIko presoek Euskal Herrira ekartzeko eskatuta: «Usted está en primer grado, destino Puerto III». Bestalde, «oso larrituta aurkitu nuen Xabi gaixoen kontuarekin. Eta betikoa, beste urduritasuna gu ikusi artekoa da. Beti beldur izaten dira. Beraiek esaten dute ostiral gaua oso urduria dela, oso arraroa. Gutxi gorabehera badakite: `orain Palentzian egongo dira'... Beti dei bat uzten dugu iganderako jakiteko ea ongi bueltatu garen. 11.00etan deitu du `Itzi, zer?' eta lasai gelditu da». Itziarrek nabarmendu du 472 presoak etxean izan arte bidaiatzen segituko dutela. «Nik ez badut inor zuzenik, lehengusua edo laguna izango dut, edo bidaietan egin dudan lagun-min baten senarra edo aita. Horiek nireak ere badira. Denak atera arte jarraituko dugu eta lortuko dugu».