15 AOûT 2014 Aizkora | Urrezko Kopa Euskal Herriko bost onenak Donostian neurtuko dira Hamalauna kana-erdiko ebaki beharko dituzte, 19.30etik aurrera. Jon LEUNDA 19.30etik aurrera jokatuko da Donostiako Urrezko Kopa Trinitateko plazan. Bertan, aurreko Euskal Herriko Lehen Mailako Txapelketan lehenengo bosten artean amaitzen duten aizkolariek hartzen dute parte, baina Unai Otaño ez da izango, Ibarrakoa ez baita oraindik osatu, eta haren ordez Jon Irazu izango da, berak amaitu baitzuen seigarren Euskal Herriko finalean. Zizurkildarrak lehen aldiz hartuko du parte Urrezko Kopan. Aipaturiko aizkolariez gain, Nazabal, Atutxa II.a, Azurmendi eta Olasagasti lehiatuko dira, eta bakoitzak hamalau kana-erdiko erdibitu beharko ditu. Floren Nazabal da faboritoa, baina asko eta asko Aitzol Atutxari begira jarrita daude. Bizkaitarra izango da gaurko saioko aizkolaririk gazteena, eta sasoi bikaina agertu du azken saio guztietan. Etzi, 12.00etan, jokatuko da Ezkurrako pilotalekuan Nafarroako Hirugarren Mailako finala. Bertan, pasa den uztailaren hasieran Iruñean jokatu zen kanporaketako bost aizkolaririk onenak neurtuko dira. Han arituko dira lanean Oier Kañamares, Mikel Indakoetxea, Joxean Etxeberria, Mielanjel Etxeberria, eta Pello Telletxea. Aizkolari bakoitzak, bi 45 ontzako eta bi kana-erdiko erdibitu beharko ditu, eta aurreneko bi sailkatuek datorren urtean Bigarren Mailan aritzeko txartela lortu ahal izango dute. Harri-jasotzea Izeta III.a, Urruzuno, Lopetegi, Galarraga, Izagirre, Olaizola eta Urrutia arituko dira gaur Mallabiko Torneoan. Bakoitzak 100 kiloko zilindro zaharra eta pisu bereko bola erabili beharko ditu, eta horretarako bost minutuko txanda bana izang0 dute harri bakoitzarekin. Lehiaketa hau 17.30etik aurrera jokatuko da Mallabiko plazan.