06 SEPT. 2014 Top 14 Gaitzari aurre egiteko, Paris ez da lekurik aproposena Zuri-urdinek gaur arratsaldean Parisen jokatuko dute, Stade Françaisen aurka. Jon LEUNDA Baionako Avironek azken urte hauetako gaitzarekin jarraitzen du, pasa den astean ikusi baitzen ez dela oraindik osatu. Etxetik kanpo irabaztea ikaragarri kostatzen zaio, eta aurten ere kanpoan jokatu duen lehen partida galdu egin zuen, eta itxura kaskarra emanez, gainera. Horri guztiari buelta emateko aukera paregabea izango du gaur arratsaldean, 18.30ean, Parisen jokatuko baitu Stade Françaisen aurka. Frantziarrak indartsu hasi dira, jokatu dituzten hiru partidetatik bi irabazi egin baitituzte. Ustez ligako azkeneko fasean sartu behar duen taldea da. Hala ere, baditu hutsuneak, eta batez ere atzealdean, puntu asko hartu baititu. Hori bai, erasoan min handia egin lezakeen taldea da, eta gaur bere zaleen aurrean jokatu behar duenez, partida zaila da. Jgenti, Lapeyrade, Arganese, Ertillard, Igiñiz, Van Rensburg, Chisholm, Fa'aoso, Senekal, Taele, Fonua, Gayraud, Haare, Marmouyet, Olivon, Loustalot, Rouet, Fernandez, Stwart, Larrat, Rokocoko, Ugalde, Elisalde eta Spedding izango dira gaur arratsaldean Parisen. Patrick Pechambert izango da partida zuzenduko duen epailea. Pro 2 Mailan, Biarritzek astindu handi samarra hartu zuen bigarren jardunaldian, 34 eta 16 galduta Albin. Bihar, 15.00etan, Mont de Marsaneko Stade Montois taldea hartuko du. Getxo Artea Ohorezko Maila datorren asteburuan hasiko da, baina Getxok bosgarren jardunaldiari zegokion partida jokatu behar zuen El Salvadorren aurka. Azkenean, ordea, Valladolidekoak ez dira arituko Europako lehiaketan, eta ikusirik partida hori orain jokatzeak zentzu handirik ez zuela, ez da jokatuko, eta urriaren 19an lehiatuko dira.