06 SEPT. 2014 GUTUNAK Lapurdira euskaraz surf egitera Haritz Larrañaga Zarautz Iparraldeko ikastolen egoera inoiz ez da ona izan, beti izan dituzte aurrera egin ahal izateko hamaika traba. Azken urteetan egoerak okerrera egin du, ordea. Ikastolei kendu dizkieten diru laguntzak edo Paueko auzitegiak Ziburuko ikastola ixteko hartu duen erabakia Frantziako Gobernuak euskararekiko duen jarrera adierazteko bi adibide baino ez dira. Iparraldeko Ikastolen Elkartea den Seaskak ahalegin handia egiten du aurrera egin ahal izateko eta, zentzu horretan, gurasoek zein ikasleek egiten duten lana miresgarria da. Baina ez da nahikoa, laguntza behar dute, guztion laguntza; beraz, euskaldunon hizkuntza eta hezkuntza eskubideak Euskal Herri osoan inoiz baino ozenago aldarrikatzeko unea da. Irailaren 13an Lapurdi Surf Elkarteak eta Seaskak antolatuta, Glisseguna izango da Angeluko Zaldunen hondartzan. Giro ezin hobean, jaia, surfa eta euskara uztartuko dira; egun pasa joateko aukera ezin hobea. Zarauzko Baga Surf elkarteak autobusa antolatu du parte hartzeko. Surfa, itsasoa eta giro ona maite duen orok gozatuko du eta bide batez euskara eta ikastolak bultzatzeko modu polita da. Gonbidapena luzatzera gatoz. Anima zaitezte, Angelun ikusiko dugu elkar.