06 OCT. 2014 Himalaia Jarduera alpinoak Esplorazioa eta uzta bikaina Ladakh-eko mendi teknikoetan Indiako Himalaian eginiko hilabeteko espedizioan, Sidarta Gallego eta Oriol Baro alpinista katalanek bost bide berri zabaldu eta igo gabe zeuden hiru mendi eskalatu zituzten. Jarduera onena: «Es falles» bidea (VI/4, M4, 6b, A1) Piri Ri mendian (5.850 m). Andoni ARABAOLAZA Hurrengo lerrootan jorratuko dugun jarduera alpinoa ia galduta geneukan. Hiru hilabete igaro dira Sidarta Gallegok eta Oriol Barok Ladakh eskualdeko mendietan (Indiako Himalaia) espedizioa egin zutenetik. Baina, jakina, alpinistok ingurumari hartan bildu zuten uzta ikusita, berreskuratzea erabaki dugu. Pasa den ekainaren amaieran, sokada hori Leh izeneko hiriburura iritsi zen. Ohiko antolakuntza itxi eta girora egokitzeko beta hartu ondoren, Zanskarrera abiatu ziren. Argi zuten abiapuntua zein izango zen, zer-nolako asmoak bete nahi zituzten, eta abar. Alabaina, jakin bazekiten hurbildu ziren alderdiari buruz ezer gutxi zekitela ere. Beste era batera esanda, beste behin, bi alpinistok esplorazioaren aldeko aldarrikapenaren lema altxatu zuten. Horrela adierazi dio, bederen, GARAri Barok: «Duela urte gutxi batzuk, Sergi Ricart kideak errepide bertatik hango mendiei hainbat argazki atera zizkien. Informazio hori eskuetan genuela, Google Hearth-en sartu ginen, eta guztia aztertu ondoren, ohartu ginen kanpaleku nagusia eratzeko bi aukera genituela. Behin kanpalekua antolatuta, geure helburu nagusia guretzat erabat ezezagunak ziren mendietan eskalatzea zen. Sidartari zein niri esplorazio horren kontua asko gustatzen zaigu. Eta berriro ere geure filosofia indarrean jarri dugu». Alderdi zein mendi berriak ezagutzeaz gain, espedizioak emaitza bikaina izan zuen; izan ere, Kange haranean oso jarduera onak egin zituzten. Guztira, bost bide berri (guztiak ala guztiak teknikoak) eta igo gabe zeuden hiru mendi poltsikoratu zituzten. Honakoa da zerrenda: «Tempesta nocturna» (700 m, 6b) igo gabe zegoen Yun Ri mendian (5.400 m), «Grifone» (1.200 m, MD+) Kange Ri mendian (hau ere igo gabea, 6.020 m), «Es falles» (1.550 m), VI/4, M4, 6b) Piri Ri mendian (igo gabea, 5.850 m), «Luichy» (300 m, 7a) Rapsail Ri mendian eta «Palestina Lliure» (800 m, VI/4+, M5) Kang Yatze mendian (gailurra zapaldu gabe). Horixe da oro har alpinista katalanek erdietsitakoa. Baina, esan bezala, lehen urratsak Leh hiriburutik pasa ondoren, Zanskarren egin zituzten. Hilabeterako janaria erosi eta Pensi La lepoa baino lehen dagoen haran batera abiatu ziren. Lepo hori 4.400 metroko garaieran dago, eta Zanskarrera heltzeko (Kargiletik, hain zuzen ere) bide egokiena da. Alta, Gallego eta Baro ohartu ziren sarrera hori babesten duen erreka gainezka zegoela, eta hura zeharkatzea ezinezkoa zela. Egoera horren ondorioz, B planari ekin zioten: «Akshu izeneko herrixkara joan ginen; hain zuzen ere, Kange haranera eramango gintuen herrixkara. Handik gertu, glaziarraren aurrean Rapsail Demo izeneko alderdian kanpaleku nagusia altxatu genuen». Eta hasteko, Barok berak aitortu digunez, ezusteko ederra hartu zuten: «Kanpalekua antolatu eta lehen irribarrea geure ezpainetan. Bai, oso alderdi bikainarekin topo egin genuen. 6.000 metroko garaiera inguruko makina bat mendi daude, eta haietan bide berri teknikoak zabaltzeko aukera asko dago». Uzta ederra Denbora galdu gabe, alpinistok martxan jarri ziren. Aurrean zuten guztia berri-berria zen, eta, gainera, hasieratik eguraldia lagun izan zuten: «Lehen bi asteak primerakoak izan ziren, eguraldi egonkorrak lagundu zigulako. Oro har, eginiko lanarekin pozarren gaude, bost bide berri eta igo gabe zeuden hiru mendi igo ditugulako. Eguraldiaren laguntzarekin metro asko eskalatzeko aukera izan dugu, baina txarrera egin zuenean ere zer edo zer gehiago egiteko beta izan genuen». Lehenbiziko jarduera Yun Ri mendian (5.400 m) egin zuten. Ordura arte, antza denez, ez da igoerarik izan; beraz, katalanek egindakoa lehena izan da: «Tempesta nocturna» (6b, 700 m). Ondoren, Kange Ri (6.020) zuten helburu. Mendi hau ere igo gabe omen dago, eta «Grifone» bidea (MD+, 1.200) sortu zuten. Eta berriro ere igo gabe zegoen beste mendi bati ekin zioten: Piri Ri (5.850 m). Mendi horretan espedizioan egin zuten jarduera onena sinatu zuten. Hala dio Barok berak: «Han, `Es falles' izeneko bidea ireki genuen. 1.550 metro luze da, eta honako zailtasunak ditu: VI/4, M4, 6b eta A1. Sidartak eta biok ingurumari hartan zabaldu genituen bide guztietatik onena da. Zailtasunak gogorrak izan ziren, baina gaineratu behar dut eskalada horri oso-oso arin ekin geniola: seigarren graduko mila bat metro igo eta beste desnibel potente bat elurrean zein mistoan. Eskalatzeko sokak finkatu genituen, eta biharamunean paretan sartu ginen; hori bai, lo zakurik gabe. Eta harkaitza bukatzen zen lekuan bibaka egokitu zitzaigun. Hurrengo egunean gailurrera iritsi ginen; gutxi gorabehera, eguerdia zen». Mendiaren alboan dagoen orratz batean bide bat errepikatu ondoren (6c, A2+, marraren inguruan ez zuten informaziorik), Rapsail Ri mendira hurbildu ziren, eta han «Luichy» bidea (7a, 300 m) marraztu zuten. Oro har, sokada horrek uzta hori kanpaleku nagusia altxatu eta hurrengo 21 egunean lortu zuen. Baina espedizioaren ateak zabalduta zituzten oraindik. Zanskarreko Padunm hiriburuan pare bat eguneko atsedena hartu ondoren, Pensi La lepotik gertu hasieran xede zuten mendian (izenik ez dute eman) erabateko estilo alpinoan saiatu ziren: «Ibaia zeharkatzea gogorra izan zen oso. Hiru eguneko hurbilketa bidea egin ondoren, gure helburuan sartu ginen. Eskalada oso zaila zen, eta, azkenean, ekaitz batek paretatik jaistera behartu gintuen. Beraz, gure lana zintzilik utzi genuen». Espedizioa amaitzeko oraindik astebete zuten, eta denbora hori ondo baino hobeto aprobetxatu zuten Kang Yatze mendian (6.400 m) azkenengo jarduera egiteko. Mendira hurbildu eta gaueko hamaiketan martxan jarri ziren: «Egin genuen eskalada zaila baino arriskutsua izan zen; harkaitzaren kalitatea oso-oso txarra zen. Hori bai, ertzera iristeko hiru luze oso onak egin genituen; mistokoak ziren, zailak ere bai, baina oso onak. Hamabi orduz eskalatzen jardun ondoren, gailurreriara heldu ginen. Han ginela, espedizio britainiar baten koordinazio lanak egin zituenak tontor nagusia ez zapaltzeko eskatu zigun. Kang Yatzen sortu genuen bideari `Palestina Lliure' (VI/4+, M5) deitu diogu». Irakurtzen den legez, Gallegok eta Barok Ladakh-eko mendietan egin zuten hilabeteko espedizioak oso emaitza onak utzi zituen. Ohiko «zirkuituetatik» kanpo jardun dute, eta Barok berak ere argi utzi du esploratzeko oso motibatuta daudela: «Ezagutzen ez ditugun alderdietan esploratzea, logistika antolatzea... horiek gustuko ditugu. Batzuetan kanpaleku nagusia non demontre ezarriko dugun ez dakigu; horren inguruan informaziorik ez dugu izaten. Horrek guztiak lan eskerga eskatzen du, baina tira... uste dut alpinista askori esploratzea gustatzen zaigula». ESPLORAZIOA. Sidarta Gallegok eta Oriol Barok alpinismoaren ikur nagusietako bat, esplorazioa, indarrean jarri zuten Ladakheko mendietan eginiko espedizioan