GARA Euskal Herriko egunkaria
ZIRIKAZAN

Estatu-hileta beharrik ez


Inolako zalantza barik, emakumeekiko indarkeriaren gaia korapilatsua da, alderdi anitzen batuketaren edo, hobeto esanda, uztarketaren ondorio den heinean. Izenetik bertatik hasita: indarkeria matxista; etxeko indarkeria; zenbaitek pasiozko indarkeriatzat jotzen dute; genero-indarkeria dugu termino hedatuena... Era batean edo bestean izendatzeak hutsala irudi lezakeen arren, finean gauza beraz ari garelakoan, kontzeptu batek edo bestek alderdi anitz horiek baztertu edo barne hartzen ditu. Eta horrek berebiziko garrantzia du gaia benetan kontuan hartzeko orduan; gaitzari benetan aurre egiteko erabakian.

Alderdi anitz eta sustrai zaharrak, irmoki errotuak. Belaunaldi batetik bestera desagerrarazi ezinezko usteak, txantxa bidez edo gabe transmitituriko aurreiritziak, jabetu ere egin gabe barneraturiko azturak, norberak garaturiko frustrazioak, mendekotasunak... hainbeste ikuspegitik hel dakioke-eta indarkeria mota zehatz honen iraunkortasunari. Beste ezeren gainetik, hain zuzen iraunkortasuna da gaitz larritzat jotzen dugun guztiok zeharo garbi dugun hori, gehien nabarmentzen den ezaugarria: hedabideetan, kaleko elkarretaratze eta adierazpen instituzionaletan, pankarta, hitzaldi eta ikastaro kopuruan... sumatzen dugu: izaki bizidun oro lez, bizirauteko, inguruneari moldatzen zaiola, garaiari, eta, transformaturik, bizirik jarraitzen duela. Biktima ugari, baina bakarra jomugan: emakumea.

Emakumeon kontra egikaritzen den indarkeria ez da jeloskortasunaren, beroaldien edo alkoholismoaren emaitza. Ez dago, beste barik, pasioak, suminak edo gorrotoak bultzatuta. Edozein pertsona senti daiteke uneren batean jeloskor, edo sutan, edo mozkor, edo, zergatik ez, hirurak batera. Edozein izan daiteke nortasunez kartsua. Baina indarkeria mota honetaz ezin da mintzatu -gehiegi egiten den bezala- pertsonalki, hau da, norbanako zehatzen kasu eta inguruabarrekin lotuta, bere burua aurretik aipatu sentimenduren batek bilduta une batez kontrola galduen duen gizonezko batez. Ez baita unean unekoa, sistematikoa baizik. Hain zuzen, oraindik eragozpen edo muga hauskorregiak dituen sistematikotasun horren eta eragiten dituen guztien ondorioz -larriak guztiak ere- segitzen dugu gaiari buruz ahalik eta gehien hitz egiteko, baina arduraz eta eraginkortasunez hitz egiteko, betebeharrean.

Dagokion esparruan, gainazaletik jorratu ez eta behar duen moduan sakontze eta lantze aldera; konponbiderik emango badiogu, arlo publikoan, batik bat, ez dadin alderdien hauteskunde-amu ohikoenetako beste bat izan, baizik eta, boterean dagoen indar politikoa dagoela, programako geroratu eta murriztu ezinezko lehentasunezko puntu eta erronka. Emakumeok, datozen belaunaldietako neskatilek, ez dugu estatu-hiletarik amesten, eta, jakina, ez dugu desio, estatusari dagokionez, beste hildako batzuen pareko izatea. Guk eta erabat errespetatzen gaituztenek nahi duguna da emakumeak izateagatik ez haztea, nabarmenago edo ezkutuago, inolako menderakuntza motaren arabera; eta ordezkatzen gaituzten erakundeek, eta horiek osatzen dituzten gizon-emakumeek, seriotasunez defenda eta babes gaitzaten. Kosta ahala kosta, aurrekontuetan barne.