13 OCT. 2014 ZIRIKAZAN Bestela Josebe EGIA Atsegin handiz ikusi-entzun nituen, Hamaika Telebistan, Ainhoa Agirreazaldegi, Onintza Enbeita eta Uxue Alberdi bertsolariak. Oso interesgarriak iruditu zitzaizkidan beraien gogoeta eta iritziak, emakumeek bertsolaritzan izan gabeko, izandako eta daukaten lekuaz, eta, azken batean, bizitzako gainerako esparruekin daukan antzekotasunaz. Uxuek, besteak beste, Maialen Lujanbiori entzundako pasadizo baten berri eman zuen. Urte askoan hura izanda plazetako ia emakumezko bertsolari bakarra, makina bat izango du kontatzeko, baina hauxe da Uxuek kontatu zuena: bertso-saio batean, «lehen euskal pelikula pornoa filmatuko dute eta zuek castingera aurkeztu duzue zeuen burua», gai-jartzaileak. Maialen txiste on bat otu zitzaiolakoan zegoen, baina horrek besterik esateko lekua kenduko zion, adibidez, film mota horietan ia guztietan emakumeari bai ala bai esleitzen zaion rola. Horren aipamena, behintzat, egin beharra sentitu ei zuen, pentsatu zuelako bestela oholtza gaineko beste inork -gizonezkoak guztiak- ez zuela esango. Izan ere, geuk aditzera ematen ez baditugu, geure berariazko kontuak, arazoak, oztopoak edo dena delakoa, ez dirudielako gertagarri ikusgai bihurtzea eta, nabarmentasun horretatik abiatuta, berauek gainditzeko lana egitea; are gutxiago berdintasunaren xedeak nahitaez eskatzen dituen bazkide, aliantza eta baliabideak biltzera iristea. Ezkutuan, bakardadea delako nagusi; isiltasunean, isolamendua. Izan dadin, gauza dadin, plazara atera eta ozenki agertzea, beraz, ezinbestekoa da. Plaza mota orotara. Baina nork bere izaera eta nahiak garatzen eta burutzen nahikoa lan izaten badu, pentsa zein nekeza gerta daitekeen, gainera, kolektibo oso baten ahotsa izan behar duzulako sentsazioa. Kide horien guztien partez, denak berdinak eta gardenak balira bezala, zu zeu halakoa izango bazina bezala, etengabe aldarrikapenetan ibiltzeko nolabaiteko betebeharra duzula. Agian, une batzuetan, zure jenialtasuna bera ere baztertuta, halako erruduntasun puntu bat ez sentitzearren. Emakumeok, horretan, erreginak gara. Hain berandu iritsi gara arlo publikoko ia esparru guztietara, gizonekin alderatuta gutako bat goi mailara iristea hain izaten da bakana, edo motela, bederen, ezen jasanezina egiten zaigun gure ahoetatik, dagokigun eremuan ia bakarrak izanik, errealitate bizi horren nolabaiteko salaketarik ez egitea. Berdintasuna erdiesteke dagoela iritziz gero, eta ezinbestekotzat joz gero, jakina. Bestela, tamalez, litekeena da lan hori egiteke geratzea, edo motelaren motelaz mendeak igarotzea aurrerapauso garrantzitsurik gabe. Edo, are okerrago eta larriago, posizio nabarmena duten zenbait emakumeren uste atzerakoi eta diskriminatzaileek baino ez edukitzea oihartzuna, gainerako emakumeok ere berdinak eta lauak garela irudi lezake eta. Zorionez, alde horretatik osasuntsu gabiltza: gehiago gara emakumeak maite ditugunak mespretxatzen dituztenak baino, eta gero eta ozenago eta askotarikoagoak emakumeon lekua gehiago itxaron barik aldarrikatzen dutenak.