GARA Euskal Herriko egunkaria

Oinarrizko hezkuntzari buruzko dekretua aztertzea dagokie eragileei

Hezkuntza eta gizarte eragileek esku artean dute Lakuak, Heziberri 2020 ekimenaren baitan, oinarrizko hezkuntzaren gainean egin duen dekretuaren zirriborroa. Ikastolen Elkarteak azterketa zehatza eta arinkeriarik gabea eskatu die eragileei; Lakuari, horiek jasotzeko jarrera irekia.


Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburua hezkuntza eta gizarte eragileekin bildu zen atzo, horiei oinarrizko hezkuntzari buruzko dekretuaren zirriborroa helarazteko. Eragile horien guztien ekarpenak jaso eta partekatzea zen helburua, ondoren azken dokumentua egin ahal izateko.

Dekretu horren azken erredakzioa hezkuntza-administrazioak egin behar badu ere, eragileek prozesuan egindako ekarpenak aintzat hartuta egingo duela ziurtatu zuen Uriartek.

Eragile horietako bat Ikastolen Elkartea da. Atzoko bileraren ostean kaleratutako oharrean zioenez, hurrengo egunetan «sakon» aztertuko dituzte atzo mahai gainean jarritakoak; «alde batetik, Eusko Jaurlaritzak hezkuntza eragileoi eskatu dizkigun ekarpenak egiteko, eta, bestetik, baloratzeko zirriborroak Esparru Pedagogikoaren ildo nagusiak, hots, konpetentzietan oinarritutako Euskal Curriculuma, sustatu eta garatzen ote duen eta euskaraz ardaztutako eleaniztasunaren aldeko apustua egiten ote duen, edo Lomceren baitan onartutako curriculum dekretuei jarraipena egiten dien ala ez». Oharra Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak eta Imanol Igeregi Ikastolen Elkarteko zuzendariak sinatua dago.

Azterketak eta jarrera irekia

Uriartek atzo aurkeztu zuenak hezkuntza sisteman izango duen «garrantziaz» ohartarazteen dio Ikastolen Elkarteak Hezkuntza Sistemari eta, horregatik, berau osatzen duten agenteei ekarpenak egiteko orduan arduraz jokatzeko eskatzen die; «guk egingo dugun moduan, zirriborroen azterketa zehatza egitea, gaur ireki den prozesuaren baitan beharrezko ekarpenak egite aldera, arinkeriak edo azaleko balorazio eta kalifikazioak alde batera utzita».

Tellituk eta Igeregik Lakuari ere egin diote eskaera, «ekarpenak jarrera ireki eta eraikitzailean har ditzan, guztion artean Hezkuntza Sistema propioa eraiki dezagun». Era berean, Euskal Hezkuntza Sistema osoa erregulatuko duen legea lantzen hasteko pausoak ematen hasteko ere eskatu diote Iñigo Urkulluren exekutiboari.

Heziberri 2020ren hiru planetatik lehendabizikoa onartu ondoren -hezkuntza-eredu pedagogikoaren esparrua-, dekretuak eta oinarrizko hezkuntzarako, haur hezkuntzarako eta batxilergorako eranskinak egiteko txanda da orain. Atzo aurkeztutako zirriborroa, hezkuntza-eredu pedagogiko horretan oinarrituta dago, eta Heziberri 2020 planean adostutako bigarren proiektuaren zatia da.