10 NOV. 2014 Aizkora Rekondok berea ongi egin du, eta orain beste emaitzen zain egon beharko du J.L. Jon Rekondok irabazi zuen atzo Leitzan Urrezko Aizkorako Txapeldunen Ligako azken-aurreko jardunaldia, eta orain itxaron egin beharko du, datorren astean txapela jantziko duen edo ez jakiteko. Horretarako, Mugertza II.ak eta Atutxak jokatuko duten neurketa mutrikuarrak irabazi beharko du. Atutxak garaipena lortuko balu, txapela ere beretzat izango litzateke. Rekondoren eta Erasunen arteko neurketak, gainera, interes berezia zeukan, izan ere, Aurtizkoak garaipena lortu izan balu, ez zeukan inoren zain egon beharrik, beretzat izango baitzen txapela, baina ez zuen lortu. 45 ontzakoa zeinek azkarrago moztu izan zen egin beharreko aurreneko lana, eta Rekondok 40an bukatu zuen, eta Erasunek bi gehiago behar izan zituen. Jarraian tamaina bereko enborra erlojuz kontra ebaki behar izan zuten. 53 segundo behar izan zituen Rekondok bere lanak amaitzeko, eta Aurtizkoak, berriz, 57. Hirugarrengoan, 45 ontzakoa zutik jarrita ebaki behar izan zuten. Minutu eta erdian amaitu zuen bere jarduna Rekondok, eta 34 segundo gehiago behar izan zituen Erasunek. Ondoren 60 ontzakoa izan zuten aurrean, eta Rekondok 60 ontzakoa 2 minutu eta 47 segundoan bota zuen, eta Erasunek lau minutuan. 45 ontzako bat zutik jarrita eta beste bat etzanda amaitzeko 3 minutu eta 24 segundo behar izan zituen Rekondok, eta 4.15 Erasunek. 11.05 izan zen Rekondoren iraupen probako denbora, eta 11.31 Erasunena. Denera, 19.21 izan zen Rekondoren denbora eta 23.18 Erasunena.