GARA Euskal Herriko egunkaria
IKUSMIRA

George Orwellen profezia beste behin egia bihurtuta


George Orwell handiak 1936ko gerran Katalunian miliziano aritu zen garaian idatzi zuen errelato pertsonaletan irakurri nuen behinola «catalan revolution» baten aipamena. Bisionarioa zen Orwell handia, ia-ia profetikoa, eta, beste hainbat kontakizunetan idatzi zituenak bezala, bere «Homage to Catalonia» hartan idatzi zituenak ere, iraultza hori ere, egia egin da. Munduan ikusgarri, ikaragarri eder.

Dagoeneko direnak eta ez direnak esan dira Katalunian iragan igandean gertatu zenaz. Ez errepikatzearren, bizpahiru kontu aipatu nahi ditut. Aurrena, Kataluniako herriaren maila, handitasuna, indarra eta boterea. Sarritan aipatzen da abertzaleok beti kexaka gabiltzala, negarti batzuk garela, biologikoki heredaturiko biktimismoa daramagula altzoan. Bada ez. Ezetz ba.

Kataluniako herriak demostratu du oso boteretsua dela, indartsua, konplexurik gabea. Eta munduaren aurrean, zilegi bekit esajerazioa, Espainia Somaliaren pare utzi du. «Failed States» deitzen zaie Somalia bezalako herrialdeei, gobernuak ez duelako autoritaterik bere mugen barnean populazioari bere legedia ezartzeko. Espainiak huts egin du Katalunian, eta orain Flandrian egin zuena egiten saiatuko da: galdu duen bataila bat kiroltasunez ez onartzearren laurogei urteko gerra galdu batera jotzea.

Hein horretan, Artur Mas inhabilitatu nahi dute orain. Oker dabiltza, baina. 10 urterako inhabilitatzen badute, bider 10 handituko da bere figura. Izan ere, bere herriaren pare, handia dela demostratu du Mas presidenteak. Nerbioen gerra betean nerbioak galtzen ez dituen pertsona oso azkarra dela. Ekimena berreskuratu du (eta nola!) eta harro egon liteke Katalunia, bai horixe!

Disfrutatu dezatela apur batean kataluniarrek. Poz handi hori, belarritik belarrirainoko irribarre jator hori guztiz justifikatua baita. Etorriko dira gero, normala baino normalagoa denez, gorabeherak eta krisi berriak. Baina baikor egon daitezke, bai: kristoren herri indartsu eta boteretsua dira.