24 NOV. 2014 Betirako RIP Gure kasuan, «Destroy THIS sistem» behar luke, horregatik maite izan ditut kanpokoak baino bertako musikariak. Zerrenda, denborak aurrera egin ahala, luzatuz doa, eta azkena Jul izan da. Amaitu behar zenez, hautatutako abestia ez zutela aurkitzen aitortu zuten irrati esatariek. Kontent eta asebete erantzun nien: «Noski, ilegala da». Azkenean, «Enamorado de la muerte» jarri zuten. Surflari Ernegatua Orain gutxi, Zarautzen surf egiten ari zirela hil ziren bi mutilen albistea laguntzeko Gipuzkoako egunkari baten portadan jarri zuten argazki bat aipatu nizuen. Argazkian bi surflari gazte agertzen ziren ur ertzean beren ur jantzi eta surf taulekin beroketak egiten. Kasualitatez, bi gazte haiek Hawaiitik etorritako nire bi lagun ziren eta altzoan zituzten taulak nireak ziren, horregatik zeramaten RIP taldeko logoa marraztuta taulen aurrealdean. Aspalditik egiten diet nire taulei hainbeste maite dudan taldearen bereizgarria, gandor zorrotzeko punkia, eta haiekin fidela izango naiz haietako gehienek bezala amaitzen dudan eguna iritsi arte. Beti sentitu izan naiz apur bat punkia, probokatzea maite dut, ahal dudan neurrian artaldetik bereiztea, ezarritako ordenarekin haustea, pentsatzea eta pentsaraztea. Ez dut punkia izatea drogazalea edo zikin hutsa izatearekin nahasten. Sid Vicious ez zen inoiz nire idoloa izan, bere «destroy» lema famatuarekin koherente izatea aintzat har badezaket ere. Gustukoago izan dut garai batean janzten nuen kamiseta batean neraman lema: «Destroy the Sistem!» Nire kasuan, gure kasuan, «destroy THIS Sistem» behar luke, horregatik maite izan ditut kanpokoak baino bertako abeslari eta musikariak. Portu, Mahoma, Natxo, Josu, Jualma, eta aipatu ez arren inoiz ahanzten ez ditudanak. Zerrenda, normala den moduan, eta denborak aurrera egin ahala, luzatuz doa, eta azkena Jul handia izan da. Gogoan dut, Iñigo Panda nire lehengusuari eta bioi Euskadi irratiko elkarrizketa baterako deitu ziguten eguna. Oraindik haien zerrenda beltzean ez nengoen garaia zen; alegia, oraindik ez ninduten ongi ezagutzen. Pablo Iglesias bezala, komunikazio arloan ere eredu propioa eraiki behar den arren, kontrako komunikabideez ere baliatu behar dela uste dut, norberaren diskurtsoarekin etxetik atera gabe, nekez entzun ahal izango baikaituzte. Elkarrizketa, noski, surfaren ingurukoa zen. Bi neska ziren elkarrizketatzaileak. Bata lehengusuaren aldean zen, bestea nire ondoan, mahaiaren bestaldean. Hasieratik gozatu nuen zenbait galdera ez nituela erantzungo esan nuenean, galderen gidoia hankaz gora jarrita min egin nuela ikusita. Ez daukat ezer irrati esatarien kontra, baina tira, eskemak haustea, norbait bizikletatik erortzen ikustea bezalakoa da, gozamena. Elkarrizketak aurrera egin zuen eta estudioko zoruan etzanda taula gainean zutik nola jarri behar den erakusten ere aritu zen Panda jauna. Amaieran, zera esan ziguten, «badakigu RIP zaleak zaretela, agur esateko abesti bat aukeratu nahi?». «Odio a mi Patria» abestia aukeratu genuen. Aldamenean ordenagailuan agertzen ziren abestien zerrendak goitik behera behatzen ikusten nuen neskato gajoa. Amaieran, denbora gainera zetorrela eta amaitu behar zenez, hautatutako abestia ez zutela aurkitzen aitortu zuten. Kontent eta asebeteta erantzun nien: «Noski, ilegala da». Azkenean, «Enamorado de la muerte» abestia jarri zuten.