01 DéC. 2014 Kronika | Bizkaiko Bertsolari Txapelketa Lekuek alderik alde ibili du Urdulizko oholtza, eta Miribillarako pausoa Puntadaz puntada jositako saioa izan zen atzo Urdulizkoa. Bertsolari denek ziztatu zuten bertsozalea orratzaz saioko uneren batean. Etxahun Lekuek, hasi eta bukatu, brodatu egin zuen saioa. Amagoia MUJIKA Giro onean joan zen Bizkaiko Txapelketako bigarren finalaurrekoa. Puntutan aurrekoa baino gorago eta puntadetan umoretik eta fresko. Sentitu genuen bertsolari denek gozatzeko uneak izan zituztela, eta sufritzekoak izan bazituzten, ederki disimulatu zituztela. Etxahun Lekue gailendu zen ariketaz ariketa jositako saioan. Kartzelakoan kantatu zuenak balio du bere atzoko saioaren arrastoak kontatzeko. Hauxe zuen gaia: «Gaur bai, gaur egun handia izango dela sentitzen duzu». Lekue abenduaren 20an Miribillan jokatuko den finalera begira jarri zen. Doinu berrian, hauxe bigarrena: «Zortziko haundian eta txikian alkarrizketan primeran/ gero puntuak etorri eta joan dira nahi neban eran/ bakarkakoa etorri jaku ta hor justutxuan aukeran/ larritu naiz hasikeran (bis)/ baina zalantza bat bere ez dot ta burua joat hegan/ kaguenlaletxe orain ez dakit nori eskainiko deutzedan/ aurrez pentsau behar neban». Ba, horixe, atzo ez zuen zalantza handirik izan. Ondo aukeratu zituen bideak, erantzunak eta arrazoiak. Bigarren tokian, Onintza Enbeita. Saio ona egin zuen Enbeitak, gailur propioak marraztu zituen. Muxikarrak hain barrutik ekartzen ditu ideiak eta sentimenduak, maiz barrena astintzen baitzaio kantuan eta eztarria korapilatu. Korapilo eta guzti, saio txukuna egin zuen, nahiz eta bere diputatu titulua gainetik kendu ezinda sumatu genuen une batzuetan. Hamarreko txikian Julen Erezumarekin aritu zen. Gaia, honakoa: «Bikotea zarie. Onintza gaur Julenek esan dizu berari hurrengo hauteskundeetan Bizkaiko diputatu nagusi izateko eskaintza egin diotela». Eta Erezumak lehen bertsoan bertan aipatu zuen Enbeitaren diputatu kargua. Onintzak asmatu zuen hortik alde egin eta erantzuten, eta perla hau utzi zuen: «Baina egongo zara beti lanez lepo/ politikan agendak lehentasuna deko/ astean bi bisita batekoz besteko/ ni enaiz inor zuri hegoak mozteko/ baina enintzen jaio kabia zaintzeko». Hirugarren tokian, Xabat Galletebeitia, postu horrekin oso pozik. Ideia oso freskoak ekarri zituen, entzuten eta erantzuten saiatu zen une oro. Zortziko txikian Galletebeitiak eta Ugartetxeak egindako ariketa izan zen arratsaldeko distiratsuenetarikoa. Ligatu eta Urdulizko portal batean kokatu zituen gai-jartzaileak. Ateraldi ederra izan zuen Galletebeitiak: «Gure artean dago giroa epela/ ta laister izango da benetan itzela/ nabari da zuretzat lehen aldia dela/eta igartzen zaizu urduliz zaudela». Bukaerako agurrean, Miribillarako aukerak zituela ikusita, «Urduliz netorren, baina akojonatuta orain» kantatu zuen umorez. Beñat Ugartetxeak bere bidetik ibili zuen saioa, erabat umoretik. Eta bertsozalea konkistatu zuen. Hamarreko txikian Lekuerekin batera saio oso bizia josi zuen, eta kartzelan ondo errematatu zuen, finalera sailkatu den bertsolariaren ahotik. Honela bukatu zuen bigarrena; «beraz lortu egin behar dut ta parrandan gero gera/ hemendik doa abisua bihar enoa lanera». Postuak postu, Gorka Ostolazak eta Julen Erezumak behin baino gehiagotan piztu zuten Urdulizko plaza, eta utzi zuten apartatzeko moduko alerik.