03 DéC. 2014 GUTUNAK Ez da ipuin bat Josu Iraeta Idazlea Gure herritik urrun ez dagoen baserri dotore baina txiki batean, bizi zen ama alargun gazte bat, bost seme zituena. Garai haietan, bi «jauntxo» handizale ziren herrian, eta morroi bila ari ziren. Amak ordea, ez zituen bere semeak inoren morroi ikusi nahi. Baina bi «jauntxoek» soldata koxkor bana eskaini zieten bost semeei, eta beren etxeetara eraman zituzten morroi bezala. Batek hiru eta bi besteak. Baina bi «jauntxoek» ama gaztea ere nahi zuten, nork bere etxerako neskame bezala. Borroka luzea egin zuten elkarren aurka, ama bereganatzeko. Azkenean biak elkartu, eta alaba bat eragin zioten indarrez. Horrela neskame bana izan zuten. Hiru seme zituena geratu zen amarekin, eta bi zituena alabarekin. Egia da, ez dut ukatuko, ipuin baten haria dirudi, baina, hemen Nafarroan bakarrik ez, baita beste hainbat euskal herritan ere, azken mende luzeetako historia da. Aspaldidanik, oihu larri eta eztabaida bero bihurtu da, euskal senideen drama. Nafarroa euskal odolaren iturburu dela edo ez, eta zerk eta nork nahi duen aitaren etxetik at edo barne, denok jakin, batzuk eta besteak zutik gaude, eta istilu eta oihu latzak sumatuko ditugu berriro bertatik bertara. Oihua ulergarria da, behar dugu ulertu bere sakonean, familia hautsiaren garrasia baita. Familian zazpi izaki eta zazpiak sakabanatu. Aita bizirik balego... Gaurko epistola: Udazkena badoa eta negua hurbiltzen den neurrian, etxeko beroki gehienak eskura. Hau poza.