08 DéC. 2014 ITSASOA | Triple crown Michel Bourez irabazle Sunset Beachen Michel Bourez tahitiarrak irabazi du Triple Crown itzuliko bigarren txapelketa. Haritz LARRAÑAGA ALTUNA Urte sasoiari amaiera emateko Hawaiin egiten den Triple Crown itzuliak aurrera jarraitzen du. Haleiwako txapelketaren ostean Sunseteko txapelketa etorri zen, eta Michel Bourez tahitiarra izan da irabazlea. Orain, Triple Crown itzulia eta 2014ko ASP zirkuituari amaiera emateko lehiaketa bakarra falta da, Pipeline Masters txapelketa ezaguna, alegia. Bertan erabakiko da, batetik, aurtengo munduko txapelduna nor den, eta bestetik, Triple Crown itzuliko koroa nork eskuratzen duen. Munduko txapela eskuratzeko aukera duten lehiakide bakarrak Gabriel Medina, Mick Fanning eta Kelly Slater dira. Triple Crown itzulian berriz, egun lehen postuan den lehiakidea Dusty Paine hawaiiarra da, izan ere, Haleiwan berak irabazi zuen eta Sunseten bigarren postuan geratu zen. Gaur bertan hasi eta abenduaren 20 bitartean luza daiteke Pipelineko txapelketa, ikusmin gehien sortzen duen lehiaketa mitikoa.