27 FéV. 2015 Etxebizitza eta enplegua sustatzea da Iruñeko EH Bilduren lehentasuna IruñeaBizi egitasmoaren bitartez, pobreziaren kontra eta enplegu eta etxebizitza duinaren alde apustu egin du EH Bilduk. Alor horiek nabarmendu ditu koalizio abertzaleak bere lehentasunen zerrendan. Martxelo DIAZ IRUÑEA Datorren udal gobernu berrira iritsiz gero, Iruñeko EH Bilduk pobreziari aurre egiteko eta etxebizitza eta enplegua sustatzeko neurriak hartzea izango du eginkizun nagusi, atzo Joseba Asiron hautagaiak eta Aritz Romeo zinegotziak azaldu zutenez. «UPNren lehentasuna Opus Deiren museorako sarrera errazteko milioi bat euroko pasarela eraikitzea da; EH Bilduren lehentasuna, ordea, dirutza hori pertsonen oinarrizko beharrak asetzeko inbertitzea da. Inor atzean utziko ez duen hiriaren aldeko apustua egiten dugu guk», nabarmendu zuen Asironek. Eragileekin osaturiko plana Helburu hori lortzeko, pobreziaren kontrako eta etxebizitza duinaren zein enpleguaren aldeko hitzarmena abiatuko du EH Bilduk. Asmoa eragile sozial eta sindikalekin plan oso bat adostea da, esaterako, gizarte zerbitzuen eta udal etxebizitzen arloak koordinatzeko. Bide horretan, talde ugarirekin lan egingo du: Caritas, Langabeen Asanblada, etorkinen elkarteak, Paris 365 jantokia, Intermon Oxfam, Pobrezia Zero... IruñeaBizi du izena egitasmoak eta epe ertaineko beste proposamen batzuk ere bildu ditu bertan EH Bilduk. Horietako bat Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua enpresa publiko bakar batean batzea da. Horrekin batera, Taula Soziala edo Behatoki Soziala delakoan, hiriko egoera soziala ezagutzeko eta horri jarraipena egiteko oinarrizko datuak jasoko dira: bazterketa, pobrezia, etxebizitzarako sarbidea eskolaratze arazoak... Pobrezia energetikoaren aurkako plan bat eta auzoen arteko desoreken kontrako beste bat ere aurreikusten ditu IruñeaBizi proiektuak. Horrekin batera, oso garrantzitsutzat jo zuten auzoetako sare soziala artikulatzeko eta indartzeko proiektuak martxan jartzea, baita haur eta nerabeen sarea indartzea ere. «Epe luzera ekonomia sozial eta solidarioan oinarritutako eredu berri bat martxan jartzeko proposamenak beharrezkoak direla uste dugu. Eta horretarako, eredu sozial eta ekonomiko jasangarri baten aldeko Hiriko Plan Estrategikoa martxan jarri nahi dugu, tokiko merkataritzaren, kontsumo arduratsuaren, energia berriztagarrien, mugikortasun jasangarriaren, alokairu sozialaren eta kooperatibismoaren alde eginez», gaineratu zuten Joseba Asironek eta Aritz Romeok. Neurri zehatzak Ildo horretan neurri zehatzak aipatu zituzten: elkartasun ekonomiako merkatuak bultzatzeko ordenantza, kontratazio administratiboak klausula sozialetan oinarritzea, txanpon sozialeko ekimenak babestea eta banka etikoarekin elkarlanean aritzeko hitzarmena. IruñeaBizi proiektuko proposamen horiek guztiak, bai eta Iruñeko udal programako gainerako edukiak ere, martxoaren 14an eztabaidatu eta adostuko dituzte, Alde Zaharreko Zentral aretoan egingo dituzten jardunaldietan. Martxoaren 14an Martxoaren 14an egingo ditu EH Bilduk Iruñera begirako jardunaldiak, Alde Zaharreko Zentral aretoan. Bertan, Nafarroako hiriburuko udal programa eztabaidatu eta adostuko da. UPN, OPUS DEI-rekin. «UPNren lehentasuna Opus Deiren museorako sarrera errazteko milioi bat euroko pasarela eraikitzea da; EH Bilduren lehentasuna, ordea, dirutza horrekin pertsonen beharrak asetzea da», esan zuen Asironek.