GARA Euskal Herriko egunkaria

Gizon-emakume guztien ondarea suntsitu dute jihadistek Mosulen

Milaka urte zituzten estatuak eta eskulturak suntsitu dituzte, Mosul Irakeko iparraldeko hirian, EI Estatu Islamikoko jihadistek, beraiek banatu duten bideo batean ikusten denez. Adituek diote ez dagoela kalkulatzerik gizon-emakume guztion ondareari egindako kaltea.


Mailuak eta zulatzeko makinak erabili dituzte Mosul hiria beren menpe duten jihadistek asiriar garaiko estatuak suntsitzeko. Horietako batzuek 27 mende zituzten.

Txikizioaren egileek esplikatu dutenez, idolatria bultzatzen dutelako suntsitu dituzte antigoaleko gauzok. «Profetak berak agindu zigun estatuak eta erlikiak suntsitzeko, eta berarekin batera ibili zirenek ere gauza bera egiten zuten herrialde baten jabe egiten zirenean», dio bideoan, bere izenik ematen ez duen gizonak.

2014ko ekainean bereganatu zuen EI-k Mosul hiria. Bertako antigoaleko gauzen museo batean egin dute bideoan ageri den suntsiketa, bertako langile batek Reuters agentziari esan dionez.

Jihadistek bultza egiten diete zutik dauden estatuei, erortzen diren arte. Lurrean hausten dira. Beste irudi batzuetan ikus daiteke gizon bat zulatzeko makina batekin zezen hegaldun handi bat txikitzen. Jihadisten musika entzuten den bitartean, birrindutako estatuaz betetako areto handi bat ikusten da.

Lamia al-Gailani Irakeko arkeologoak esan du jihadistek hondatu dituzten piezen balioa kalkulatzerik ez dagoela.

«Suntsitutakoa ez da Iraken ondarea bakarrik, mundu osoarena baizik, gizon-emakume guztiona alegia», adierazi du Gailani Londresko Arkeologia Institutuko adituak. «Pieza horiek bakarrak dira eta horregatik da hain ulergaitza egin dutena. Ez dut irakiarra gehiago izan nahi». Talibanek Afganistango Bamyan herrian suntsitu zituzten Budaren estatuak ekarri ditu gogora arkeologoak.

Ninive eta Nimrud zezen hegaldunak suntsitzeaz gain, jihadistek Hatra iparraldeko hiriko antzinako gauzak ere txikitu dituzte, horietako batzuk 2.000 urte baino gehiago zituztenak.

«Musulmanok, nire atzean ikusten dituzuen erlikia horiek garai batean gurtzen ziren idoloak baino ez dira; Ala ez zen beste norbait gurtzen zuten. Asiriarrek, akadiarrek eta beste herri batzuek euriaren, lurraren eta gerraren jainkoak gurtzen zituzten, Ala gurtu beharrean», esplikatzen du ahots batek jihadisten bideoan.