GARA Euskal Herriko egunkaria
ZORROZTARRIA

Ustelak, uste!


Ez dakit ote den planetako mundu guztiak pentsamolde bereko mundu bakarrean globalizatu nahi dutelako, baina gero eta globalizatuagoa ikusten dut nire eguneroko prentsa, gainbegiratua nondik hasi berdin dela. Lehen atal desberdinak zirenak orain uztarri berean ageri dira, ustelkeriaren uztarrian. «Usteak ustel!» esaten amaitzen genuen gogoeta garai batean. Orain, ostera, «ustelak, uste!» abiatzen dugu gogoeta, zalantza txikiak ematen digun segurtasun handiarekin. Gaur egunean osasuna kirol orrian ageri da, kirola ekonomian, ekonomia politikan, politika eguraldian, eguraldia burtsan, burtsa eskeletan (burtsa ala hil!), eskelak nazioartekoan, nazioartekoa Euskal Herrian, Euskal Herria osasunean... Ez da erraza albisteak eta berriak bereiztea. Are gutxiago berriak eta zaharrak. Hala ere, bietan jarraitu behar, prentsa erosten eta prentsakoa interpretatzen.

Horra, kasurako, gure behean den Estatu zer antzeko horretako mandatari zer batzuek adierazi berria. Zer eta Kolonbiako bake prozesuaren alde agertu! Gerrillariak barne hartzen dituen trantsiziozko justizia eta guzti! Alde! Nire munduko batzuek gogor kritikatu dute Gobernu zer horren tamainako aurpegia, krisi guztien artean zatarrena hipokrisia dela gogora ekarriz. Baina ni kritikoa naiz nire munduko kritikoekin, begitantzen zaidalako bake prozesuak, gurea eta hangoa, ezin direla arin batean alderatu; hortaz, aldeen alde egiten dut, diferentzien alde.

Izan ere, bada desberdintasun funtsezkoa bi prozesuon artean, hura hangoa da... eta gurea hemengoa! Eta distantzia kontuan hartu beharrekoa da, horri lotzen zaizkiolako denbora eta abiadura. Tira, harira! Kontinentea desberdina da, eta mandatari batzuentzat horrek garrantzi handiagoa dauka kontenidoak baino. Baina haratago joanda, niretzat benetan funtsezkoena: Euskal Herrian ez daukagu oihanik! Horrexek markatu gatazkon aldea! Hemengoan ez da gerrillarik izan, oihanik izan ez dugulako! Euri asko botata ere! Hemengo berdea beste batzuek jarri dute, hirukornio eta guzti. Ama, ama! Orain konturatu naiz, zenbat kalte ekarri digun pinuak! Pinu arrotzik gabe oihana zatekeen nagusi, eta gerrillariak ziratekeen! Orduan Oslo La Habana zatekeen, hori bai, hotzago! Baina orduan ere, beheko Gobernua gobernu. Ustelak, uste!