15 MAR. 2015 KRITIKA antzerkia Demokraziaren iruzurra Jaime VALVERDE Faustoren ituna gizakien zekenkeria irudikatzeko askotan baliatu den alegoria bat da: norberaren arima saltzea deabruak eskaintzen duen opariaren truke. Pabiloi 6 aretotik datorkigun sorkuntza honetan, oparia izen onaren fama da, eta deabrua, Madame Demokrazia. Marlowen testu klasikotik abiaturik, Galder Perezek zuzendu duen bertsio honek egungo gizartearen balore moralen xehaketa katarsikoa burutzen du. Cremosso DJaren zuzeneko musikak bizitasun berezia ematen dio antzezlanari eta Endika Lahaineren rap ihardukitzaileak energiaz blaitzen du mezua. Diziplina desberdinak nahastuz estimulu-koktel apurtzailea eskaintzen zaio ikusleari, obra ikuskizun oso bihurtzen delarik. Esan daiteke estetika postpunka duen kabaret disko baten aurrean gaudela, eite bihurri eta urratzailearekin, pertsonaien jarrera lizunari eta antzezpena mozten duten momentu metateatralei esker. Madame Demokraziaren morroiek, estetika sadoz jantzitako deabruek, Fausto limurtuko dute sistema demokratikoak behar duen aurpegia izan dadin. Trukean, arrakasta amaigabeaz gozatuko du Faustok, txotxongilo ezdeusa dela ohartzen den arte. Faustoren goratzea jarraituz, obrak Mendebaldeko gizartearen ikono errespetagarri guztietan barna garamatza, egia handien iruzurra agerian utzita. Sistema sostengatzen duten zutabe ideologikoen barruko ustela haizatzen da gupidagabeki, demokratiko gisa aurkezten dena gezurrezko egitura bat dela frogatuz. Abesti punk bat balitz bezala, antzezlanak sistemaren gehiegikeria guztiei erasotzen die, eta eragin askatzailea sortzen dio sistema horren gezurrez potrotaraino dagoen publikoari.