16 NOV. 2015 Bodyboarda Amaitu da APB 2015 zirkuitua:Jared Houston izan da txapeldun Munduko bodyboard itzuliak Puerto Ricon egin zuen azken geldialdia eta bertan erabaki ziren kategoria desberdinetako munduko txapeldunen izenak. Jared Houston, Alexandra Rinder, Socrates Santana eta Dave Hubbard dira 2015. urteko munduko txapeldunak. Haritz LARRAÑAGA ALTUNA Amaitu da 2015. urteko APB zirkuitua. Mutilen kategorian Jared Houston hegoafrikarrak eskuratu du munduko bodyboard titulua, eta bigarren urtez jarraian, Alexandra Rinder kanariar gazteak irabazi du nesken kategorian. Gaztetxoenen txapela, Junior kategorian, Socrates Santana brasildarrarentzat izan da eta Drop Knee edo belauniko ibiltzen direnen kategorian Dave Hubbard hawaiiarrak lortu du titulu mundiala. Aurten denetarik egon da goi mailako bodyboard itzulian. Olatu handiak, txikiak, leku berriak, lehia gogorra eta ikuskizuna, baina mundu titulua bakarra izaten da eta aurtengoan Jared Houston izan da izarra. Guztira zazpi txapelketek osatzen zuten goi mailako bodyboard zirkuitua aurten eta pasa den astean amaitu zen itzulia Puerto Ricon. The Encanto Pro Cultura, 2015eko azken txapelketa, Middles Beacheko urautsian egin zuten eta Jeff Hubbard hawaiiarrak irabazi zuen, baina urtean zehar lortutako puntuei esker ranking orokorreko lehen postua eta mundu titulua irabazi zituena beste lehiakide bat izan zen: Jared Houston hegoafrikarra, hain zuzen ere. Berrikuntzen urtea Aurtengo denboraldian berrikuntzak izan dira. Esate baterako, junior kategorian lehen aldiz lehiatu ahal izan dute gaztetxoenek. Bestalde, izar bidez sailkatu dira txapelketak, horrela, izar gehiago duten txapelketetan puntu eta diru gehiago irabazi ahal izan dute lehiakideek. Gehienez bost izarreko txapelketak izan dira; hauek maila gorena ordezkatu dute eta ondorioz txapelketa horietan orain artean lehen mailan aritu diren lehiakideak izan dira. Lau izarreko txapelketak ere izan dira, baina hauek bigarren mailako txapelketak izan dira. Guztira bost izarreko zazpi txapelketa ziren egitekoak aurten eta horien artean baziren bi, berrikuntza moduan atxiki zituztenak, Portugalgo Nazare urautsian egin zena eta Sharks Island urautsi australiarrean egitekoa zena. Azken honetan itsasoak ez zuen lagundu, ordea, eta ezin izan zuten txapelketa hau behar bezala egin. Beraz, guztira sei txapelketa izan dira 2015eko lehen mailako zirkuituan. Urtearen errepasoa Uztaila oso garrantzitsua izan zen munduko bodyboard txapelketei dagokienez. Brasilen hasi zen aurten goi mailako bodyboard sasoia, Itacoatiarako hondartzan. Uztaileko lehen astean izan zen eta Amaury Lavernhe Reunion uharteetako lehiakidea gailendu zen. Txapelketa hartan aipagarriena, aldiz, olatuak izan ziren, hiru eta lau metroko olatu borobil eta indartsuak izan baitziren. Handik astebetera, Txileko uretan ziren munduko lehiakide puntakoenak, zehazki, Arica eskualdean. Han ere olatuak itzelezkoak izan ziren eta lehiakideek maila altua erakutsi zuten. Gauzak horrela, Jared Houston hegoafrikarrak irabazi zuen APB bodyboard zirkuituko bigarren proba. Nesken kasuan, Alexandra Rinder gaztea izan zen Arica Chilean Challengue, nesken itzuliko lehen txapelketa, irabazi zuena. Jarraian, uztailaren 28an, Antofagastako txapelketa hasi zen, hau ere Txileko kostaldean. Antofagastan ere oso olatu onak izan ziren txapelketak iraun zuen egunetan. Azken egunean, finaletan, ia hiru metroko olatu garbi eta borobilak izan ziren. Beraz, lehiakideek lehiaz gain gozatu ere egin ahal izan zuten. Mutilen kategorian, Lewy Finnengan australiarra izan zen txapela eskuratu zuena; nesken kategorian, berriz ere Alexandra Rinder kanariarra izan zen Antofagastako irabazlea, eta Junior txapela Socrates Santana brasildarrak eraman zuen. Gero Shark Island urautsi mitikoaren txanda etorri zen. Australia ekialdean aurkitzen da Shark Island, Sidneytik gertu, Cronullako hondartzan, eta itsaski sendoak behar ditu behar bezala funtzionatu ahal izateko. Horregatik, hain zuzen, itxaronaldi epea apur bat luzeagoa izan zen; alegia, abuztuaren 10ean hasi eta irailaren 17ra arte. Lehen aldiz munduko txapelketa bat egitekoa zen urautsi honetan, baina itsasoak ez zuen lagundu eta azkenean bertan behera geratu zen. Jarraian Portugalgo sasoia hasi zen. Praia Granden izan ziren bodyboard lehiakideak irail amaieran. Olatuek ez zuten asko lagundu, metro inguruko olatuak izan ziren, eta irabazleak Portugalen bertan bizi den Pierre-Louis Costes frantsesa eta Jessica Becker brasildarra izan ziren mutilen zein nesken kategorietan. Junior kategorian, berriz, David Barbosa brasildarra nagusitu zen, eta drop knee kategorian, aldiz, Dave Hubbard hawaiiarrak irabazi zuen Sintra Portugal Pro txapelketako lehen saria. Urrian, Praia Grandetik Praia do Nortera joan ziren mundu mailako bodyboard lehiakideak. Nazaren izan zen APB itzuliko bosgarren txapelketa. Hemen ere itsasoak ez zuen asko lagundu, bi metroko olatuak izan ziren, baina haize narrasa izan zen nagusi. Jared Houstonek irabazi zuen Nazaren eta Ayaka Susuki japoniarra izan zen nesken kategorian garaile. Gauzak honela, txapelketa bakar baten faltan hiru izen zeuden titulu mundiala eskuratzeko aukera zuten lehiakideen zerrendan, Jared Houston, Amaury Lavernhe eta Pierre-Louis Costes. Punta-puntako lehiakideak, beraz; izan ere, Costes 2011. urtean munduko txapeldun izan zen, Lavernhek berriz, 2010 eta 2014. urteetan irabazi zuen munduko titulua, eta Houston artean behin ere munduko txapeldun izendatu gabea bazen ere, emaitza onak lortu ditu azken urteetan. Emozioa azken unera arte Horrela, azkenean iritsi zen 2015. urteko azken txapelketa. Pasa den astean izan zen, Puerto Ricon, eta bertan argitu ziren zalantza guztiak. Houston goiz kaleratu zuten, horrenbestez bere arerioek zer egiten zuten itxaron beste erremediorik ez zuen izan eta lehorretik jarraitu behar izan zuen txanda oro. Lavernhek final-laurdenetara iritsi behar zuen ranking orokorrean Houston gainditu eta munduko txapela eskuratu ahal izateko, baina ez zen horrela izan, Jacob Romero hawaiiarrak kaleratu baitzuen. Baina Houstonek oraindik ezin zezakeen lasai arnas hartu; izan ere, Pierre-Louis Costes oraindik lehian zen eta hark “Encanto Pro Cultura” txapelketa irabazten bazuen, beretzat izango zen 2015eko mundu titulua. Ez zen, ordea, halakorik gertatu, Jeff Hubbardek irabazi baitzuen APB zirkuituko azken txapelketa, eta ondorioz, 26 urteko Jared Houston hegoafrikarrak munduko titulua eskuratu zuen. Hunkituta honela mintzatu zen 2015eko txapelduna: «Ez dago momentu hau deskribatzeko hitzik. Nire bizitzako egun luzeenetako bat izan da gaurkoa. Agertoki desberdinak suertatzen ziren eta nik zain egon besterik ezin nuen egin». Nesken kasuan, Alexandra Rinder kanariarrak irabazi du aurtengo titulu mundiala. Hamazazpi urte besterik ez dituen neskato honek bigarren urtez jarraian eskuratu du APB mundu titulua. Inoiz halako titulu bat eskuratu duen neska gazteena da eta jada sekulako ibilbidea egin du. Junior kategorian, Socrates Santana izan da 20 urte bitartekoen mundu txapela irabazi duen lehiakidea. Hamasei urte baino ez ditu brasildar honek, baina sekulako indarra eta teknika dituela erakutsi du. Drop knee kategorian berriz, Dave Hubbard hawaiiarrak lortu du aurtengo mundu titulua. Alex Uranga zumaiarra gogor aritu da aurten ere goi mailako txapelketetan. Sasoia amaituta 18. postuan amaitu du Urangak APB ranking orokorrean, hortaz TOP 28 lehiakideen artean dago eta datorren urtean ere lehen mailan arituko da. JARED HOUSTON«Ez dago momentu hau deskribatzeko hitzik. Nire bizitzako egun luzeena izan da gaurkoa. Agertoki desberdinak suertatzen ziren eta nik zain egon besterik ezin nuen egin» ALEX URANGASasoia amaituta 18. postuan amaitu du zumaiarrak APB ranking orokorrean, hortaz TOP 28 lehiakideen artean dago eta datorren urtean lehen mailan arituko da.