03 FéV. 2016 Banatu dira Cafe Bar Bilbao antzerki laburreko sariak GARA BILBO Arantxa Iturbe, euskarazko atalean, eta Mikel Fernandino eta Imanol Ituiño ex aequo, gaztelaniazkoan, nagusitu dira Cafe Bar Bilbao Antzerki Laburreko XIII. Gidoi Lehiaketan. Sariaren izena daraman Bilboko Plaza Barriko tabernak, Tartean Teatroa antzerki konpainiaren laguntzarekin, banatzen dituen sari hauen helburua formatu txikiko antzerkia bultzatzea da. XIII. edizio honetan, Euskadi Irratiko esatari ezagunaren “Lagunik onena” obra saritzea erabaki du. Bertan, Iturbek itxarongela batean telefonoz hizketan ari diren bi emakume ezezagun hartzen ditu hizpide. Irratian aritzeaz gainera, Iturbek literaturan hainbat genero landu ditu, tartean “Ai ama!” (Alberdania, 1999), amatasuna desmitifikatzen duen liburua. Gerora, antzerkirako egokitu zuen Agurtzane Intxaurragarekin batera, Hika taldeak estreinatu zuen eta Max saria bereganatu zuen gidoiak. Gaztelaniazko saria Fernandino eta Ituiñok partekatuko dute. Lehenak «Google ondorengo» 9075. urtera garamatza “Un pequeño paso para el hombre” obran. Leherketa nuklear batek Lurra leherrarazi, eta lurtar batzuk Silosenovengo planetara doaz, iraganeko zaborra artetzat hartzen duten lekura. Ituiñok idatzi duen “Ramper”, aldiz, Ramon Alvarez Escuderoren bizipenetan oinarrituta dago. Obran, aktore bakar batek Ramon eta bere alter ego Ramper pailazoaren paperak betetzen ditu. Egilearen hitzetan, artistak taula gainean dagoenean porrotari dion beldurra agertu nahi izan du. Edizio honetara gaztelaniazko 35 lan eta euskarazko 12 aurkeztu dira eta sarituek 1.200 euro jaso eta euren obrak liburu batean argitaratuta ikusiko dituzte.