03 FéV. 2016 JO PUNTUA Erosleari zor zaion begiramendua Mikel Aramendi Kazetaria Film goibel horietako bat amaitzean aretoko argiak pizten direnean bezala gertatu da: benetako komeria, egotekotan, ikusleon besaulkietan zegoela ikusi ahal izan dugula, alegia. Hala ere, Iranen aurkako zigor ekonomikoak amaitutzat ematearekin batera abiatu den negozio lasterketa lotsagabeak badu vis comica bat... baina baita patetikotasun galanta ere. Komikotasuna, Erromako Kapitolioko museoan Rohani presidentea handik igaro arte oholezko kaxatan «gordeta» egon behar izan duten estatua biluzetan egongo litzateke, adibidez. Edota bisitariarekiko otorduetan ardorik ez mahairatzearen inguruan Italian zein Frantzian egin diren xelebrekerietan. Irandarrek eskatu ere egin ez dituztenak, baina sinatu behar ziren kontratu erraldoiak limurtzeko erabili direnak, noski. Hemengo batzuen asaldura merkerako. Ez naiz harritzen Rohani irribarretsu agertzea Europan egin dituen agerraldietan: besteak beste, otsailaren 26an hauteskundeak dituzte Iranen (eta ez nolanahikoak: Adituen Asanblada erabakigarria eta Majlisa aukeratzen dira aldi berean, eta emaitzek erabat baldintzatuko dute datozen urteetako politikagintza), eta bere aldeko hautagaien posibilitateak hobetzera etorriko litzateke komeria hau. «Ikusten duzue nola...?» Baina aldi berean, testuinguru bertsuan eta helburu berberarekin (britainiar salmentak, Yemeneko gerrarako armenak lehen-lehenik, koipetzea), Tobias Ellwood, Foreign Officeko Ekialde Ertaineko arduradunak Saudi Arabiako giza eskubideen inguruan egin dituen adierazpenak patetikoak izan dira, zerbait esatearren. Urteberritako hilketaren biharamunean egin zituen lehenak, pasa den astean herrialde hartara ia isilpean egiten ari zen bisitaldian azkenak; norabide berdinean denak: Mendebaldean ez omen ditugu merezi adinean estimatzen Saudi Arabia giza eskubideen alorrean egiten ari den aurrerapenak. Saltzaile besterik ez garenon patua da: erosleari erreberentzia egin behar. Mendebaldean ez omen ditugu merezi adinean estimatzen Saudi Arabia giza eskubideen alorrean egiten ari den aurrerapenak. Saltzaile besterik ez garenon patua da: erosleari erreberentzia egin behar