GARA Euskal Herriko egunkaria

Musikaren desagerpena


Kazetariek eraginkortasuna bilatzen dute artikuluen izenburuetan, eta deigarria bada, irakurle gehiago izango ditu artikuluak. Hamarkadak dira “rocka hil da” edota “punka hil da” bezalako izenburuak erabiltzen direla. Hori esan edo idatzi duenak handik gutxira erabiliko du, “rockzale zaharrak ez dira inoiz hilko”. Ohiko bilakatu dira horrelako esaldi arranditsuak. Rockzale zaharrak gazteak baino lehenago hilko dira, baina horrek ez dakar rockaren desagerpena. Trap musikaren zabalkundearekin, hainbatek hausnartu du rockaren zalapartak txikiagoak izango direla. AEBetan hip-hopa gailendu zenean antzeko iritziak bota ziren. Ziklikoki errepikatu da nazkatzeraino “rocka hilda dago” esaldi txepela. 1959an esan zuten, Ritchie Valens eta Buddy Holly rockzaleak hil zirenean. Beti erabiliko den esaldia da. Zer dakigu guk zer etorriko den etorkizunean? Artista berriei tokia egingo diegu, baina zaharrei tokia kentzea ez da posible izango. Batbederak bere oinarriak ditu, eta egokitu zaion belaunaldian indartsu sartu zaizkion artista horiek beti izango dute tokia norberaren hipokanpoan. Normala da gaurko gazteek ez jakitea nor diren lehen euskal rockzaleak (Niko Etxart, Errobi edo Koska). Etorriko dira artista berriak, baina ez dituzte aurrekoak desagerraraziko. Eskua luzatu behar diogu beti transmisio kulturalari. Beti batu eta jarraitu.