04 OCT. 2025 Gizakion jatorria auzitan jarria? Duela milioi bat urteko burezur baten berreraikitze digitalak zalantzan jarri ditu gizakion eboluzioaren kronologia eta jatorria. Yunxian 2 garezurra, 1990ean Txinan aurkitu zutena. (Yuan QUAN | XINHUA) Sara HUSSEIN Txinan 1990ean aurkitu zuten Yunxian 2 garezurra Homo erectus espezieari lotua egon da luzaroan. Orain, berriz, teknologia aurreratuen bidez osatutako eredu digitalak bestelako ezaugarriak bistaratu ditu: garun-ahalmen handiagoa eta Homo longi edo Homo sapiens bezalako espezieekin hurbiltasuna. «Honek gauza asko aldatzen ditu», dio Chris Stringer antropologoak, atzo argitaratu zen ikerketaren egileetako batek. Ondorioek iradokitzen dute gizakien adar nagusiak uste baino 400.000 urte lehenago banatu zirela, eta ez Afrikan, baizik eta Asiako ekialdean. Hala ere, beste aditu batzuek kontu handiz hartu dituzte emaitzak eta eztabaida irekia iragarri dute, kronologia oraindik zalantzaz betea baitago. Andy Herries arkeologoak, esaterako, ohartarazi du fosilen morfologia ez dela beti giza eboluzioaren adierazle fidagarria, eta gene-azterketek bestelako ikuspegia ematen dutela. Tomografia eta berreraikuntza digitalari esker osatutako eredua ehun garezurrekin alderatu dute. Nolanahi ere, argitaratu berri den ikerketa honen ondorioak egiaztatzen badira, aurkikuntzak Asiari eman diezaioke rol nagusia gizakiaren bilakaeran.