Dispertsioaren kostuak biltzen dituen txostena, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez ere bai
Dispertsioaren erruz senideek sufritzen dituzten arazoen inguruko txosten sorta bat prestatuko du Etxeratek. Horietan lehena kostu ekonomikoen ingurukoa da, bisita bat egiten duten bakoitzean zenbat gastatzen duten ezagutarazteko. Presoen kartzeletako mantenua Estatuen esku ez dagoela argitu dute.
Abuztuaren 1ean Loiolan Lakuako Gobernuko ordezkariei ‘Dispertsioa: bisita eskubidearen prezioa’ izena duen txostena eman zieten Etxerateko kideek, agintariek jakin dezaten dispertsioak zein gastu ekonomiko suposatzen duen familientzat. Bisitak egiten dituzten bakoitzean bidaiak planifikatu behar dituzte eta, batzuetan, ostatu batean lo egin behar izaten dute. Gaur goizean Donostian izan dira txosten horren itzulpenak egin dituztela jakinarazteko. Orain, euskaraz gain, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez ere eskuratu daiteke.
Bertan «bisita bat egiteko beharrezkoa den denbora eta prezioak desglosatuta» zabaldu dituzte, Urtzi Errazkin eta Patricia Velez Etxerateko ordezkariek azaldu dutenez. Haiekin batera euren esperientzia kontatu duten bi senide izan dira, Joxe Angel Aramendi eta Jon Mikel Arronategi. Lehenak kontatu du bere alaba Bapaumeko espetxean dagoela, Estatu frantsesean, Belgikako mugan. «Orozkotik Hendaiara autoz joaten gara, Hendaian trena hartzen dugu Parisera eta han metroz beste geltoki batera. Trena hartzen dugu berriro eta azken 25 kilometroak taxiz edo elkartasun furgonetan egiten ditugu», aipatu du. Guztira 12 orduko bidaia da. Bilobarekin joaten badira bidaia luzatu egiten da autoz joaten direlako eta atseden hartzen dutelako. Azkenean, 3-4 egun ematen dituzte etxetik kanpo. Euren kalkuluen arabera, alaba ikustera joaten diren bakoitzean 500 euro inguru gastatzen dituzte.
Arronategik anaia Almerian dauka. Espetxeratua daramatzan 18 urteetatik 14 Andaluzian eman ditu eta Euskal Herrira bi aldiz besterik ez dute ekarri, «semea jaio zenean eta gure aita hil zenean», esan du. Bere kasuan ostiraletan ateratzen dira Eatik furgonetan larunbat arratsaldean bisita egin ahal izateko. Igandean bueltan dira astelehenean lanera joan behar dutelako. «Guztira, 38 orduko bidaia da 40 minutuko bisita bat egiteko. Asteburu batean penintsula bi aldiz zeharkatzen dugu. Askotan haurrekin joaten gara...», adierazi zu Arronategik. Diruari dagokionez, 300-400 euro inguru gastatzen dituzte hilero.
Joan etorrietako gastuei presoek kartzelan bertan dituzten gastuak gehitu behar zaie. «Presoak estatuek mantentzen dituztela» ez da egia. «Gaixo daudenentzako janari berezia, garbitzeko produktuak, komuneko papera, ikasteko materiala, liburuak, arropa... horiek ere familiak erosten ditu. 200 euro hilean suposatzen du», aipatu du Errazkinek. Hau guztia «odoluste ekonomiko» bat da senideentzat, salatu dutenez.