INFO

Poliziak hiru beltz hil ditu Chicagon, tentsioa areagotuz

Chicagoko Poliziak hiru pertsona beltz hil zituen atzo bi gertakizun ezberdinetan. Polizia indarkeriak utzitako heriotza berriok duela astebete AEBetako hiriko alkate Rahm Emanuelen dimisioa exijitzeko ehunka hiritarrek eginiko protesten ondoren gertatu dira.

Bettie Jones, hildakoetako baten familia, bere argazkiarekin. (Scott OLSON / AFP)

Tentsioa areagotu egin da Chicagoko kaleetan, polizia indarkeriaren ondorioz azken denboraldian protesten agertoki izan den AEBetako hirian. Izan ere, “Haizearen Hiriko” Poliziak hiru pertsona beltz hil zituen atzo bi gertakizun ezberdinetan.

Lehen gertakizunean, gazte bat eta bere ama hil zituzten poliziek. Bettie Jones, 55 urteko emakumea eta bost semeren ama, «ustekabean» zauritu zuen poliziaren tiro batek, eta, ondorioz, «tragikoki» hil zen, Chicagoko Poliziak prentsa ohar bidez azaldutakoaren arabera. «Etxeko indarkeria zela-eta» jasotako dei batengatik azaldu ziren poliziak emakumearen bizitokian. Dirudienez, Chicagoko Poliziara deitu zuena gizon bat izan zen. Antza, bere semea, Quintonio LeGrier, 19 urteko ingeniaritza ikaslea, aitaren logelako atea beisboleko bate batekin joka ari zen. Polizien arabera, «gazte oldarkor» bati aurre egin behar izan zioten, eta, hala, «ezinbestean» egin behar izan zituzten tiroek gaztearen eta bere amaren heriotzak eragin zituzten. LeGrierren familiak WLS telebista kateari adierazi zionez, gazteak arazo mentalak zituen, baina ez zen oldarkorra. Evelyn Glover Bettie Jonesen lehengusina eta LeGrierren bizilagunak «ikerketa sakona» eskatu du.

Hirugarren hilketa Chicagoko hegoaldean gertatu zen. «Arma bat erabiliz» ustez lapurreta bat egiten ari zen gizon bat tirokatu eta hil egin zuen Poliziak.

Polizia indarkeriak utzitako heriotzok duela astebete Chicagoko alkate Rahm Emanuelen dimisioa exijitzeko ehunka hiritarrek eginiko protesten ondoren heldu dira. Iaz gazte beltz bat hil zuen polizia zuria estaltzea leporatzen diote manifestariek alkateari. Azaroan argitaratutako bideo batean 17 urteko Laquan McDonald ageri da, eskuetan laban bat duela korrikan eta polizia talde batetik aldentzen. Jaso zuen hamasei tiroetako lehena ikusten da bideoan. Chicagoko Polizia hiru alditan izan da kondenatua gehiegizko indarkeria erabiltzeagatik.