INFO

Hezkuntza aurrekontua BPGaren %5era igoko du EH Bilduk, «kalitatezko sistema bermatzeko»

Hezkuntza sistemaren kalitatea bermatzeko, aurrekontua progresiboki Barne Produktu Gordinaren %5era igoko duela agindu du EH Bilduk, 2020rako Europako batez bestekora hurbiltzeko. Era berean, hezkuntza akordio zabal bat osatu eta Euskal Hezkuntzaren Lege berria bultzatuko du koalizioak.

Gasteizko Zabalgana auzoan egin du ekitaldia EH Bilduk. (Jaizki FONTANEDA/ARGAZKI PRESS)

Gasteizko Zabalgana auzoan eginiko ekitaldi batean, Miren Larrion Arabako zerrendaburuak hitzeman du EH Bilduk Barne Produktu Gordinaren %5era igoko duela hezkuntza aurrekontua, kalitatea bermatu eta Europako batez bestekora hurbiltzeko.

«Madrilek inposatu nahi digunari eta gure hezkuntza behar duen tokian kokatu behar dugu», azpimarratu du Larrionek, eta euskal hezkuntza sistema hobetu eta «erreferente bihurtzeko» EH Bilduk «dozenaka neurri sozial» planteatzen dituela azaldu du.

«12.000 eurotik beherako errententzat Haurreskolak doakoak izatea bermatuko dugu, geletako ratioak murriztuko ditugu, testuliburu, garraio eta jantokiak doakoak izatea bultzatuko dugu, ikastetxeetako azpiegitura lehentasuneko mapa osatuko dugu», esan du. «Azken finean –ondorioztatu du Larrionek–, kalitatezko hezkuntza sistema izan dezagun Barne Produktu Gordinaren %5era igoko dugu hezkuntza aurrekontua, progresiboki, Europako batez bestekora hurbilduz». 

Belen Arrondo zerrendakideak, bere aldetik, alderdi politikoei, hezkuntza komunitateari eta jendarteari zuzendu zaie «hezkuntza akordio zabal eta parte hartzailea» osatzeko deia eginez. Horretarako, LOMCE ez dutela aplikatuko eta haren araberako errebalidak eten behar direla adierazi du.

Hezkuntza akordio zabala aldarrikatu eta babesteaz gain, legealdi honetan neurri zehatzak bultzatuko dituztela azaldu du, «gure hezkuntza sistemak erreferentzialtasun hori irabazteko»: «Euskal Hezkuntzaren Lege berria osatzea, Euskarazko Murgiltze Eredurako legea, Lanbide Heziketako legea, Unibertsitate lgea eta Haur Hezkuntzarako sailburuordetza berria».