INFO

Sektoreko bazkideen babesa, merkatuan nabarmentzeko

Makinen datuak baliatuta, hauen beharrak atzematen eta matxurak ekiditen dituen teknologia garatu du NEM Solutions-ek. Hamarkada betetzear, puntako tokia du energia eolikoen eta trenbideen industrian. CAF eta Gamesa bazkide ditu; eta mundua, merkatu.


NEM (Nuevas Estrategias de Mantenimiento) Solutions sistema konplexuen mantentze adimentsua ahalbidetzen duten produktuak garatzeko sortu zuen Alberto Conde beasaindarrak 2007an. Trenbide eta energia eolikoen industrietara bideratuta dago nagusiki, izan ere, CAF eta maiatzetik Gamesa dira negozioaren bazkideak. Dena den, arduradunak zehaztu duenez, «enpresa autonomoa da, hau da, ez gaude ez CAFen ez Gamesaren barruan. Gurekin lan egiten dute, beraientzat beste enpresak baino hobeak garelako». Elkarte mugatuaren balioak ezerosotasuna, aniztasuna eta ausardia dira, «merkatuan bakarrak eta bereziak izateko, balioak ere bereziak izan behar dira». Ildo horretatik, berrikuntzak garrantzi handia du beraientzat eta horri lotutako hainbat sari jaso dituzte; azkena, urrian eman zieten DonostiaINN. Sariek negozio planak hobetu ez arren, asko laguntzen dutela onartu du Condek. «Guretzat enpresaren kultura oso garrantzitsua da. Pozik bizi nahi dugu eta horretarako gustuko duguna egiten dugu lanean, hau da, pozik goaz. Nire ustez horrek sarietan du bere isla».

Conde Ingeniaritzan doktorea da eta kudeaketa ikasketak ere baditu. CAFen lan egiten zuen, baina prozesu berriak ezarri gabe nahi zituzten emaitzak lortzea ezinezkoa zela ikusita, lana utzi eta NEM Solutions sortzea erabaki zuen. CAF eta Fatronik –egun, Tecnalia– bazkide zituela ateak zabaldu zituen Miramongo Teknologia Parkean. Zuzendariak artean 28 urte zituen, baina ekintzailetzarako joera beti izan du. «Aitari 12 urterekin fakturak egiten nizkion eta horregatik kobratu ere bai», gogoratu du froga gisa. Enpresa martxan jarri aurretik, Ikasplay abiarazi zuen eta haren parte izan da iaz gainerako bazkideei bere zatia saldu zien arte.

Enpresaren helburua digitalizazioa da, hau da, «makinekin –trenak gure kasuan– elkarrizketa sakona izan, hauen beharrak atzeman eta ulertzea matxurak izan aurretik». Horretarako, makinen normaltasuna definitzeko gai den AURA teknologia garatu dute datuak landu eta aurreikuspenak egiteko.

Makinek jariatutako datuak emanda, zein egoeratan edo baliotan egon behar duten dio, modeloak eta egiazko datuak une oro alderatuz eta sumatutako desbideraketak zerbait txarraren sintomatzat joz. Teknologia garatzen eta hobetzen jarraitzen dute, aldiro funtzionalitate berriak gehituz eta bi urtean behin sakoneko aldaketa eginez. Tecnaliak softwarearen industrializatzean arazoak murrizten lagundu die, arinago garatzea ahalbidetuz. Enpresa utzi badu ere, lotura estua izaten jarraitzen dute.

estandarra bilakatzea, helburu

AURAn oinarritutako hiru produktu dituzte: Wheelset life extension, tren gurpilen iraupena kontrolatu eta luzatzera bideratua; Productivity Improvement, trenen eta erroten iraupena eguneratu eta matxurak ekiditeko; eta Business Driven Data Management zuzendaritza taldeei bideratutako produktu eta aholkularitza zerbitzua, negozioaren informazioa eta makinen egoera batu eta era errazean erakusten duena. «Erabakiak arriskua kontrolpean izanda hartzeko balio du. Gure bezeroek denbora asko pasatzen dute produktu hauen inguruan eta sakelakotik ere sarbidea dute». 4.0 Industriak ekarritako aldaketek halako zerbitzuen beharra handitu dute. Arduradunaren ustez, NEM Solutions lehiakideengandik bereizten dutena enpresaren inbertsore industrialak, eskalagarritasuna eta trenbide nahiz energia eolikoen inguruko ezagutza dira. Izan ere, 10 minutuero 54.000 makinaren datuak aldi berean aztertu, kalkuluak egin, eta diagnostiko zehatza gauzatzeko jakintza dute. Puntako tokian daude aipatu sektoreetan eta beste batzuk ustiatzen ere hasi dira; baina etekin handia lortzeko sektorearen ezagutza beharrezkoa dela ohartarazi du Condek.

Merkatuko estandarra bilakatzea dute helburu eta eskura dutela uste dute. Jada 56 milioi gurpilen datuak dituzte, «munduko datu base handiena eta garatuena», eta 10 milioi operazio ordu baino gehiago ikuskatu dituzte. Ahalegin handiena Europan eta Ipar Amerikan egiten ari dira, horregatik, Filadelfian bulegoa ireki berri dute. Ekialdean ere lana badute, baina murritzago. Bezeroen artean, Euskotren, Metro Bilbao, Washington, Chicago, Los Angeles, Toronto edo Pekineko metroak; eta energia arloan, Gamesaz gain, operadore nagusiekin aritzen dira.

Datorren urtean hamarkada osatuko dute. Ia 50 langileko taldea dute eta 5 milioi euroko fakturazioa gaindituta amaituko dute ekitaldia. Emaitza onak badira ere, Conderen hitzetan «atzerapen pixka batekin» doaz, egunerokoan sortzen diren ezustekoei aurre egin behar baitiete. Etorkizunari begira, abiada eman nahi diote negozioari «azkarrago hazi eta urrutiago iristeko».