«Zorroztarri», dispertsioaren gainetik ehundutako proiektua
Sakabanaketak inposatutako distantziak gaindituz osatutako erakusketa da «Zorroztarri», Zigor Merodiok St Martin de Re espetxean, Alaitz Areitiok Rennes-en eta Yon Troitiñok Murtzian egindako lanak biltzen dituena. Igandera arte Pasai Donibanen dago ikusgai.
«Inposatutako distantziatik istorio bat kontatzera gatozkizu. Gorputzak hiru espetxe ezberdinetan gatibu ditugun arren, gure pentsamendu, konbikzio eta bihotzak eskultura bakoitzaren hegietan, bertsoen hitzetan eta paisaia eta leku hauetan aurkituko dituzu». Hitz horiekin egiten diote ongietorria Zigor Merodio, Alaitz Areitio eta Yon Troitiñok “Zorroztarri” erakusketa bisitatzen duenari. Hurrenez hurren, St Martin de Ren, Rennesen eta Murtzian dituzte gatibu eta espetxeetako hormen barruan eta elkarlanean egindako artelanek osatzen dute egunotan Pasai Donibaneko Victor Hugo aretoan ikusgai den erakusketa. Bertsotan, hala azaltzen du Troitiñok erakusketaren oinarria: «Euskal Herria urrun izanik/ hauxe gure aldarria/ harri lana ondo zorrozturik/ zuentzako ekarria/ ausardia ta ilusioa/ gogoz diogu jarria/ horixe bai da espetxeetan/ laneko zorroztarria».
Hamabost eskultura dira orotara, Merodioren eskuek zizelkatuak, eta artelan bakoitza osatzen dute Areitio eta Troitiñok hura inspirazio iturritzat hartuta osatu dituzten bertsoek, baita Merodioren senide Edu Martinezek egindako argazkiek ere. Azken honen hitzetan, «bizitza ikusteko duen moldea» zizelkatu du Merodiok eskultura bilakatu dituen harrietan, «bere istorio pertsonalak, egiten dituen hausnarketak... eta erakusketa ere horrela dago antolatua, nolabaiteko hari bati jarraitzen dio». Hala, erakusketaren parte dira Euskal Herriari erreferentzia egiten dioten obrak (“Sorgina”, “Zulatzailea”, “Laboa”), hausnarketa kolektiboak bultzatu nahi lituzketenak (“Bat garen heinean”, “Auzolanean”) zein kritika sozialari bide egiten diotenak (“Europa edo lotsa”, “Saxitan”), baina badira bi berezi: iazko Usurbilgo preso ohien itxialdirako egindako “Kalera kalera” eta Etxeratek Kinkea zozketarako saldu zuen litografian agertzen den “Erraldoia” eskultura (litografiaren 20.000 ale saldu ziren, senideen elkartea laguntzea helburu zuen ekimen horretan).
Ez da hau euren lehen erakusketa. 2014an, “Aldharrikatuz” erakusketa ibiltarian buztinez egindako hainbat obra erakutsi zituen Merodiok. «Erakusketa hura bi urte inguru ibili zen Euskal Herrian zehar, baina oraingoan zerbait ezberdina egin nahi zuen», eta hortik sortu zen arte plastikoa, bertsoa eta argazkilaritza batuko zituen proiektua sortzeko ideia. Baita teknologia berrien erabilera ere: erakusketa fisikoaz gainera, sarean ere bai baitu bere lekua proiektuak. Erakusketaren osagarri izateko propio sortutako Zorroztarri.eus webgunean, eskultura bakoitzaren fitxa eta argazki ezberdinak biltzeaz batera, artelanaren bikote den bertsoa irakurri zein entzun daiteke, zenbaitetan egilearen ahotsez, besteetan senide edo lagunen batek abestuta.
«Urte eta erdiko lana izan da erakusketa osatzekoa, luze joan da –aitortu du Martinezek–, batez ere, komunikazioengatik: hau erakutsi, bestea onartu, hura proposatu... Baina azkenean osatu dugu. Zigorri webgunean ze lan egin den eta ze ongi geratu den azaltzen diogu eta, zertaz ari garen oso ongi ulertzen ez badu ere, pozik agertzen da. Erakusketaren irudiak erakutsi izan dizkiogu eta, tarteka artelanen batek kolperen bat duela-eta kexatzen bada ere, pozarren dago». Hain justu, atarian bertan, erakusketa posible egin dutenei eskertza egiten diete hiru sortzaileek: «Haiek ibili dira kilometroak gora eta behera kilo askoko eskulturak mugitzen. Haiek erraztu dute gu hiruron arteko kontaktua. Haiek abestu dute Yonek ezin grabatutako bertsoak. Haiek sortu dute gune hau eta hainbat euskarri atera. Guztien izenak aipatu ezinez, joan dadila hemendik gu hiruron aitortza eta esker ona guztiontzat».
Erakusketa webgunean bertan eta igandera bitartean Pasai Donibaneko Victor Hugo aretoan egongo da ikusgai. Gero, Gasteizen, Iruñeko Txantrea auzoan eta Euskal Herriko beste hainbat txokotan ikusi ahalko da eta Martinezek deia egin du, bere herri edo auzora “Zorroztarri” eraman nahi duenak bidea irekia baitu.
«Baldintza batzuk betez gero gu prest gaude edonon erakusteko, inportantea euren lana ikusaraztea dela uste dugulako», amaitu du Martinezek.