INFO

Kontseiluak eta Behatokiak Nafarroa Suspertuk duen hutsunea bete nahi dute, hizkuntzarena

Nafarroako Gobernuak abiatutako Nafarroa Suspertu 2020-2023 planari ekarpena egin diote Kontseiluak eta Behatokiak ‘Nafarroa Euskararik Suspertu’ txostenarekin. «Nafarroako Gobernuaren ekimena oso positiboa izan litekeela iruditu arren, hutsune bat ere utzi baitu agerian: hizkuntza-irizpideena».

Euskararen aldeko manifestazioa Iruñean. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Nafarroako Gobernuak abiatutako Nafarroa Suspertu 2020-2023 ekimenari ekarpena egin diote Kontseiluak eta Behatokiak elkarrekin osatutako ‘Nafarroa Euskaratik Suspertu’ txostenarekin.

Ohar batean Kontseiluak azaldu duenez, «covid-19ak eragindako egoeratik ‘sendoago’ eta ‘kohesionatuago’ ateratzeko Nafarroako Gobernuak martxan ipini duen ekimena da Nafarroa Suspertu. Baliabide publiko zein pribatuak baliatuta, gizarte eragileekin elkarlanean jardun nahi du, eta hazkunderako, berrikuntzarako, berdintasunerako eta ekitaterako oinarri berriak ezartzea da helburua».

Hori dela eta, oinarri berriak behar direla ados izaki, ekarpena egitea erabaki dute Kontseiluak eta Behatokiak: «Azken batean, alde batetik, ‘normaltasun berri’ berdinzalego baterako aukera ekar lezakeelako gobernuaren ekimenak; eta, bestetik, hala izan dadin, hizkuntza-irizpideak ere kontutan hartzea ezinbestekoa izango delako».

Izan ere, Nafarroa Suspertu ekimenaren txostenak hutsune nabarmena du Kontseiluaren eta Behatokiaren ustez: hizkuntzarena. «Nafarroako etorkizuna justiziaren, berdintasunaren eta kohesioaren ardatzetan kokatu beharra aldarrikatzen badugu, nahitaezkoa ere bada euskara erdigunera ekartzea», nabarmendu du Paul Bilbao Kontseiluko idazkari Nagusiak. «Ez dago kohesio sozialik bermatzerik herritarrei eskubide guztiak errespetatu eta kontutan hartu gabe», gaineratu du.

Horregatik, hizkuntza-irizpidea ere kontuan hartuko duen oinarri berrien premia utzi du agerian Kontseiluak eta Behatokiak osatutako txostenak. Adierazi dutenez, sektoreka baino ikuspegi orokor batetik landu dute, «eta atal guztietan hizkuntza-irizpidea nola txertatu zehazten du; osasungintzan, hezkuntzan zein bestelako zerbitzu publikoetan, esaterako».

«Gure ustez, une ezin interesgarriagoa da hizkuntzaren aldagaiak kohesioan, berdintasunean eta justizian betetzen duen funtzioaz hitz egiteko, eta eztabaida horri laguntzeko dokumentua osatu dugu», azpimarratu du Bilbaok.

Hizkuntzari eragin behar dioten aldaketak

Txostenean azaltzen denez, Kontseiluak eta Behatokiak bat egiten dute Nafarroako Gobernuak egindako «dokumentuak harreman sozialetan aldaketak gertatu direla esaten duenean. Eta, nola ez, aldaketa horiek mota askotako alderdiei eragin diete: aisialditik eta harreman sozialetik hasita jarduera ekonomikoraino edo eraikuntza ereduetaraino, baina bai eta hizkuntzari ere».

«Horregatik, dokumentuak planteatzen dituen aldaketetan hizkuntzaren irizpidea kontuan hartzea ezinbestekotzat jotzen dugu», gaineratu dute, eta 2020-2023 urteetako estrategiari begira, euskararen ezagutza unibertsalerako neurriak, espazioak euskalduntzeko neurriak, euskarazko tresnak ahalbidetzeko neurriak eta herritarren aktibazioa bizkortzeko neurriak ere zehaztu beharko direla ohartarazi dute.