
Ana Ollo Hualde, Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako kontseilaria, Bingen Zupiria Gorostidi, Lakuako Kultura eta Hizkuntza politikako sailburua, eta Beñat Arrabit, Ipar Euskal Herriko Euskararen Erakunde Publikoko lehendakaria Iruñean elkartu dira Hiruko Ituna berritu eta politika linguistikoan modu koordinatuan lanean jarraitzeko konpromisoa berresteko.
Nafarroako Parlamentuan eskaini duten prentsaurrekoan aditzera eman dutenez, hitzarmen berria pasa den martxoan sinatu behar zuten, baina osasun krisiak eraginda ekimena atzeratu behar izan zuten. «Aurreko legegintzaldian hartu genuen konpromisoa berritu dugu, lehen egunean genuen ilusio berarekin», azaldu du Ana Ollok.
Bateratzearen alde, «esperientziak partekatzen eta elkar ikasten» hiru urte daramatzatela nabarmendu du ordezkari nafarrak eta harreman normalizatuen alde egin duten apustuak indarrean jarraitzen duela oroitarazi du. Bere hitzetan, helburu nagusia, politika linguistikoan mugaz gaindiko lankidetza garatzea da».
Euskal Herriko hiru administrazioetako ordezkariek osasun krisi garaian ahaleginak batzeak duen garrantzia nabarmendu dute. «Azpimarratu behar da itxialdi garaian lanean jarraitu dugula, eta nahiz gauza batzuk gibeleratu behar izan ditugun, sakontzeko aukera ere eman digu», adierazi du Beñat Arrabitek.
Atzeratu behar izan dituzten egitasmoen artean Euskal Herri osoko haurrak bildu ahal izateko udalekuak aipatu ditu Arrabitek. «Gazteentzako mugaz gaindiko egonaldiak aurten egin behar genituen, baina atzeratu beharko ditugu» iragarri du EEPko lehendakariak, eta zera gaineratu du: «Nahiz eta muga itxia izan lanean jarraituko dugu, zeren ez dugu beste hauturik, elkarrekin azkarrago gara, euskara salbatzeko eta biziberritzeko».
Lan eremuak eta lorpenak
Bost lan eremu zehatz barnebiltzen ditu 2020rako Hiruko Itunak: Helduen alfabetatzea, euskararen erabilera sustatzea, euskararen inguruko hausnarketa bultzatzea, eta azkenik, euskararen estudioa eta Europako markoarekin lankidetza.
Hiru administrazioetako ordezkariek esparru batzuetan bildutako fruituak gogorarazi dituzte. Olloren iritziz, «lehen lorpena hiru administrazioak batzea izan zen, zeren tresna baliagarria izan da» eta hori frogatzeko azken hiru urteetako lorpenak aipatu ditu. Horrela, euskararen adierazle sistema, Euskaraldiak izan duen eragina eta euskarak mundu digitalean izan behar duen presentzia bermatzeko martxan dituzten egitasmoak aipatu ditu adibide moduan.
Bingen Zupiriaren aburuz, lan egiteko modu «naturala» izan da lorpenak eskuratzea ahalbideratu duen bitarteko garrantzitsuetako bat. «Bakoitzak bere ahalmen eta erritmoak ditu, bakoitzak bere tresnekin egin du aurrera, baina guztiok batera ari gara, modu eraginkorrean», argitu du Eusko Jaurlaritzako ordezkariak.
Euskal komunitateak duen garrantzia ere mahaigaineratu du Zupriak: «Euskara komunikazio tresna gisa erabiltzen dutenek osatzen dute euskal komunitatea, eta hain zuzen komunitate hori izan da euskara bizirik mantentzeko beti izan den hari eroalea; orain, komunitate horrek Euskal Herriko hiru administrazioen babesa du».
Aurrera begirako egitasmoen artean, besteak beste, aurten burutuko den bigarren Euskaraldian pate hartuko dutela iragarri dute itunaren sinatzaileek. Bestalde, interneten euskararen presentzia garatzeko, Wikilariekn Elkartearekin elkarlanean, Wikipedia euskaraz indartzeko bitartekoak ezarriko dituzte. Eta, euskal terminologia lantzeko, ostera, Euskal Herri osoko adituak batuko dira euskarazko terminologia adosteko eta ondorioz, aurrerantzean Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako esamoldeak ere atxikiko dituzte Euskalterm datu basean.

La exposición temprana a pantallas se relaciona con cambios cerebrales en la adolescencia

Preparándose para confirmar en las urnas la anomalía vasca

Muere un joven motorista de 24 años en un accidente de tráfico en Hernani

Un incendio provoca unos 40 muertos y 100 heridos en una celebración de Nochevieja en los Alpes

