INFO

Parisko aldirietan 146 tren eraikitzeko CAF eta Bombardierren arteko kontratua, aurrera

Azkenean aitzinera atera da CAF beasaindarrak Bombardier konpainia kanadarrarekin irabazitako 2.560 milioi euroko kontratua. Parisko aldirietan 146 tren eraikitzeko proiektua martxan jarriko da Alstom talde frantsesak, konpainia kanadarraren jabe berriak, jarriak zituen trabak kendu ondotik.

CAFen Euskotreneko ibilgailu baten detailea. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Parisko eskualdeko garraio enpresak (RATP) eta Estatu frantseseko konpainiak (SNCF), urtarrilean CAFi proiektua esleitu ziotenek, Alstom-Bombardier eta CAFek osatutako kontsortzioak 146 tren eraikitzeko proiektua gauzatuko duela baieztatu dute asteazken honetan.

«Azken asteetan egon diren eztabaidek kontratuaren baldintzak ezagutzeko eta kezkak uxatzeko balio izan diete Alstom-Bombardier talde berriari», azaldu dute RATP eta SNCFk ohar batean.

Bi garraio konpainia horiek, Alstom-Bombardierrek eta CAFek asteartean egin zuten bileran argitu zituzten zalantzak. Horren ondorioz, fabrikatzaileek «kontratua betetzeko konpromisoa» hartu dute.

Europako trafiko handieneko bigarren aldirietako linea

RATP eta SNCFk azpimarratu dutenez, «oinarrizko proiektu bat» da RER B izenarekin ezagutzen den Europako trafiko handieneko bigarren aldirietako linean erabiliko diren tren berrietarako. Besteak beste, Parisko bi aireportuekin konektatuta dago linea hori, Charles de Gaullerekin, iparraldean, eta Orly-rekin, hegoaldean.

2025aren bukaerarako espero dituzte CAF beasaindarrak eraikitako 146 tren berriak, gaur egun zerbitzua ematen duten MI79 eta MI84 modeloak ordezkatuko dituztenak, zerbitzuaren kalitatea hobetzeko.

Alstom frantsesa ere eskaera hori betetzeko hautagaia izan zen, hasiera batean CAFek Bombardier kanadarrarekin osatu zen kontsortzioarekin lehian. Azken hau nagusitu zen, eskaintza aunitzez ere merkeagoa egin zuelako. Prentsa frantsesak 500 milioi euroko aldea aipatu zuen bi eskaintzen artean.

Baina talde frantsesa Bombardier barnean hartzeko prozesuan zegoen. Azkenean urtarrilean burutu zen prozesu hori eta proiektuaren esleipena gelditzen saiatu zen.

Bombardierren jabe bihurtu zenean, Alstomek eskaintza irabazlea erretiratuko zuela iragarri zuen kontratuaren baldintza tekniko-finantziarioek ez zutela «merkatuko prezioekin» bat egiten eta «arrisku handirik gabe» ezin zutela egin argudiatuta. CAFek, ordea, bere asmoari eutsi zion.

CAFek, bere aldetik, proiektu honen garrantzia nabarmendu du agiri batean, Parisko RER gunerako egiten duen lehena delako. Gipuzkoako enpresak azaldu du azken urteetan kontratu ugari lortu dituela Estatu frantsesean, horietako bat 2019an, Paris-Clemont eta Paris-Limoges-Toulouse lineatan 28 tren egiteko, 75 osagarri eraikitzeko aukerarekin.