INFO

Basket Zaragozari hortzak erakutsi dizkio IDK Euskotrenek, baina esku-hutsik itzuli behar

Hasieratik aurretik jarri eta hirugarren laurdenaren azkenera 43-51 aldentzea lortu dute Azu Muguruzarenek, baina talde mañoak 13-0ko partzial batekin eman dio buelta partidari. Nolanahi, donostiarrek partida irabazteko azken jaurtiketa izan dute, baina azkenean 66-65 burua makurtu behar izan dute.

Perfumerias Avenidaren aurka egin zuen moduan, azkeneraino lehiatu du IDK Euskotrenek Zaragozan ere, eta garaipena hatz puntekin ikutu du. (Andoni CANELLADA | FOKU)

BASKET ZARAGOZA 66 - IDK EUSKOTREN 65

Joan zen asteburuan sekulako partida jokatu arren galdu egin zuen IDK Euskotrenek Perfumerias Avenidaren aurka. Igande honetan, tamalez, are eta porrot krudelagoa nozitu dute Azu Muguruzarenek. Hiru laurden luze aurretik eman ditu talde donostiarrak Zaragoza Kopako egungo irabazle eta Euroligako taldearen aurka, eta 43-51 aurretik ere izan da.

Baina talde mañoak buelta eman dio demari 13-0ko partzial bati esker. Hala ere, Ibaeta Basketek ez du besorik jaitsi eta Maria España zein Erin Whalenen bitartez 66-65 jarri da eta azken segundoan partida irabazteko aukera ere izan du, surrealismotik gertu ibili den partida amaiera baten. Ez du zorterik izan, ordea, talde gipuzkoarrak, Maria España kapitainaren hirukoa uztaian geratu baita. Nolanahi, eta porrot mingarria izan bada ere, ezin lekioke ezer leporatu talde donostiarrari, dena eman baitu 40 minutuetan eta Emakumeen Endesa Ligako talde onenetako bat benetan estu hartzea lortu du –egia da Zaragozak Tanaya Atkinson gabe jokatu duela min hartuta dagoelako– azken azkeneraino. Kontuz, beraz, donostiarrekin, baldin eta maila horretan jokatzen jarraitzen badute.

Hasieratik bikain

Azu Muguruzak zuzentzen duen taldearen hasiera bikaina izan da, baloia erraz mugituz eta arbelean marrazturikoa kantxan erakutsiz. Carlos Cantero Aragoikoen entrenatzaileak hutsartea hasi eta berehala eskatu badu ere, donostiarrak 4-14 aurreratu dira. Maria Españak bere aurreneko hiru jaurtiketak saskiratu ditu, baina taldekideak ere fin hasi dira saskira begira.

Zaragoza pixkanaka partidan sartzen hasi da, hala ere. Aldaketek indar handia eman diote talde mañoari. Nerea Hermosa gasteiztarrak IDK Euskotrenen erasoak asko moteldu ditu eta 16na berdintzea lortu dute, batez ere Petra Holesinskaren puntuei esker. Nolanahi, gipuzkoarrek ez dute beren puntu jarioa eten eta aurreneko laurdena aurretik amaitu dute, batez ere Jewel Tunstull eta alba Prietoren ekinaren bitartez: 20-21.

Fase Erregularreko partida izan bada ere, txantxarik ez da izan. Defentsek asko estutu dute bigarren laurdenean eta puntuak sartzeko talentua azaldu behar izan da sistemak baino gehiago. Zentzu horretan Zaragozak Leo Fiebich hegaleko alemaniarra, iazko MVP sariaren irabazlea, atera du plazara eta modu horretan aurretik jartzea lortu du, nahiz eta Fankam eta Westeriken eskutik markagailua berdinduta mantendu donostiarrek. Are gehiago, Erin Whalenen hiruko batek 29-30 aurreratu du Ibaeta Basket. Maria Españaren bitartez, gainera, 31-35 aurretik dela iritsi da IDK Euskotren.

Aurkariak, erotuta

Donostiarren defentsa oso zorrotza izan da aldageletatik bueltan ere. Modu horretan hain bat baloi galdu arazi dizkio Zaragozari eta pixkanaka aldea zabaltzea lortu dute –baita Zaragozak berak uztaipean pare bat jaurtiketa erraz huts egin dituelako–. Dulcy Fankamek 34-43koa ezarri du, 3-8ko partziala erdietsita.

Hala ere, talde mañoa Euroliga ari da jokatzen, ederki gainera. Ondorioz, defentsa aurreratzen eta zorrozten hasi da eta pare bat baloi lapurtzea lortu du. Leo Fiebich azaldu da orduan, bost puntu jarraian saskiratzeko eta bertoko zaleak sutzeko. Hutsartea eskatu behar izan du Azu Muguruzak, baita zenbait aldaketa sartu ere. Horri esker Gracia Alonso hegaleko bilbotarrak «bi gehi bateko« jokaldi bat osatzea lortu du eta, bide batez, Zaragozaren euforia apur bat apalduz.

Gracia Alonso, Zaragozarekin Kopa irabazi zuen taldeko kidea, bere defentsa erakustaldi horietako bat ematen hasi da ere. Bere «Rodmankeriek» Petra Holesinska erotu dute, eta une batez donostiarrek partida hausteko zorian izan dute, Alba Prietok 43-51koa ezarri duenean. Tamalez, Ainhoa Lacorzana eta Geldofen artean 5-0ko partziala lortu du Zaragozak eta azken laurdenera begira, neurketa 48-51, estu baino estuago, jarri du.

Egiaren ordua

Vega Gimenoren hiruko baten 51na berdindu du partida laugarren laurdenaren hastapenean. Ainhoa Lacorzanak buru argia eta zentzua ezarri die Aragoiko taldearen erasoaldiei eta ia ezustean, partida osoa isilean pasa eta gero, Vega Gimeno azaldu da, jarraian beste hiruko bat sartu eta Zaragoza 54-51 aurreratzeko. Hain ongi bideraturiko partida maldan behera joaten ikusita, hutsartea eskatu behar izan du Azu Muguruzak, baina ordurako Zaragoza 56-51 aurreratu da, Serena Geldof erraldoiak 13-0ko partziala osatu ostean.

Hutsarteak mesede egin dio Ibaeta Basketi, baina Zaragozak ere ez du hainbeste kostata lortu duen abantaila galtzeko gogorik izan. Lara Gonzalezek saskiratze bikain askoak kateatu ditu, baina etxekoek Holesinska eta Fiebich aurkitu dituzte. Epaileek ere defentsa oso gogorra egiten lagundu dute, baina Nerea Hermosak «bi gehi bateko» jokaldi bikain bat osatu du eta 62-57 jarri du markagailua bi minuturen faltan.

Erin Whalenen hiruko batek 62-60koa ezarri du, baina Vega Gimenok barneraldi batekin erantzun dio. Are gehiago, hurrengo erasoan donostiarrek ez dute asmatu eta Leo Fiebichek 66-60koa sartu du, partida azken minutuan murgilduta.

Partidak galduta zirudien, baina Whalenek 66-63koa sartu du hiruko bati esker, eta hurrengo jokaldian Holesinskak kiroltasunez kontrako falta egin dio Maria Españari, baloia galdu baitu. Donostiarrei aukera nimiño bat zabaldu zaie, Maria Españak jaurtiketa libreen marratik 66-65ekoa sartu baitu

Zoritxarrez, segundo bakarra geratu zaio IDK Euskotreni. Azu Muguruzak hutsartea eskatu eta jokaldia marraztu du. Azken jaurtiketa Maria España berak izan du, baina balearretako hegalekoaren hirukoa uztaian geratu da. Dena eta gehiago egin du Ibaeta Basketek Zaragozan irabazteko, baina ezin izan du partida aurrera atera. Hala eta guztiz ere, burua tente itzuli litezke Azu Muguruza eta bere jokalariak Donostiara.

FITXA TEKNIKOA

ZARAGOZA: Ortiz (4), Pivec (4), Gimeno (8), Fiebich (14) eta Diallo –hasierako bostekoa– Lacorzana (5), Holesinska (7), Gulbe (10), Nerea Hermosa (8), Geldof (6) eta Leyre Urdiain.

IDK EUSKOTREN: Lara Gonzalez (7), Laura Westerik (2), Maria España (15), Erin Whalen (16) eta Dulcy Fankam (8) –hasierako bostekoa–, Alba Prieto (7), Jewel Tunstull (4), Gracia Alonso (4), Jori Davis (2) eta Becky Massey.

Epaileak: Martin Vazquez, Carpallo Miguelez eta Caamaño Muñoz. Holesinska etxeko jokalaria egotzi dute, kiroltasunez kontrako bi falta pilatu eta gero.

Partzialak: 20-21, 11-14, 17-16, 18-14.

Gorabeherak: IDK Euskotreneko Lara Gonzalez eta Gracia Alonso jokalariak, biak ala biak Zaragozako jokalari ohiak, txaloka hartu dituzte Zaragozako zaleek.