EH Bilduk Arabako bilgune berria inauguratu du Gasteizen
Bilgune berria inauguratu du Arabako EH Bilduk Gasteizen. Ibon San Saturnino, Arnaldo Otegi, Eva Lopez de Arroyabe eta Rocio Vitero izan dira ekitaldian, eta Iñaki Ruiz de Pinedori omenaldi txiki bat egin zaio.
EH Bilduk Arabako bilgune berria inauguratu du larunbat eguerdi honetan. Hilabeteko obren ostean, koalizioak badu egoitza berri bat Postas kalean, Gasteizen, lehengo egoitzaren ondoan.
Ibon San Saturnino Arabako arduradun politikoak gogoratu duenez, 2015ean zabaldu zen orduko lokala egoitza elektoral bezala. «Orduan esaten genuen Araban ezkerreko independentismoa agertoki politikoaren 4. Hanka zela. Orduz geroztik hazi eta zabaldu egin gara eta laugarren hanka hura izatetik Arabako lehen indarra izatera pasa gara. Lehen indarra herrialdean, lehen indarra hiriburuetan eta lehen indarra 30 udalerrietan», aipatu du San Saturninok.
Inaugurazio ekitaldian Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusiak, Eva Lopez de Arroyabe EH Bilduren batzarkide taldeko bozeramaileak eta Rocio Vitero Gasteizko udal taldeko bozeramaileak ere parte hartu dute. Azken biek azken hamarkadako ibilbideari errepasoa egin diote.
«Orain erronka berriak ditugu», azpimarratu du Arabako arduradun politikoak. «Herrialde honen lidergoa gure gain hartzeko erronka daukagu, hurrengo hamarkadetan eman behar diren aldaketa handien gidaritza gure gain hartzeko aldaketa horiek Euskal ikuspegitik eta ezkerreko ikuspegitik eman daitezen, gizarte hobeago eta justuago bat eraikitzeko izan daitezen eta aldaketa horiek Euskal estatuaren eraikuntzan lagundu dezaten», gaineratu du.
Zerga errebisioa, «zerga makillajea»
Arnaldo Otegik ere EH Bilduk Araban egin duen ibilbidea goraipatu du eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan tramitazioan dagoen EAJ eta PSEren zerga errebisioa ere izan du hizpide, baita Madrilgo Kongresuan konpainia energetikoei zergak kentzeko hartutako erabakia ere.
Otegik kritikatu egin du «PP eta Voxekin» bozkatzeko EAJren erabakia eta nabarmendu du jarrera hori ez dela EAEn zerga errebisioaren eztabaidari heltzeko «berri ona eta hasiera ona, guk partekatzen ez dugun norabide jakin baterantz egiten duen aurrekaria delako» .
Bere esanetan, bi zerga eredu daude, bata «Ayusorena» eta bestea «Europako herrialde aurreratuenena», eta EH Bilduk azken honen aldeko apustua egiten du. «Ez gara egongo eliteen interesei mesede egiten dien eta pribilegio fiskalak hobesten dituen akordio batean», ziurtatu du, eta erantsi indar abertzaleak «herritarren gehiengoaren eta langileen interesak bermatuko dituen akordioaren alde» egingo duela.
«Badirudi hartu den norabidea ez dagoela interes horiek asebetetzera zuzenduta, eta horregatik EH Bilduk argi dio ez garela eliteak pribilegiatzen dituen makillaje fiskalerako akordio batean izango», nabarmendu du.
Ekitaldian, bestalde, Iñaki Ruiz de Pinedori omenaldi txiki bat egin zaio. Izan ere, atzo bertan iragarri zuen otsailean bere ibilbide politiko aktiboari amaiera emango diola.