Animazioa: aldarrikapen erreminta boteretsua
SAUVAGES (SALVAJES)
Suitza, 2024. 87’. Zuzend.: Claude Barras. Gidoia: Claude Barras, Catherine Paillé, Nancy Huston, Morgan Navarro. Musika: Charles de Ville. Animazioa: Simon Filliot.
‘Ma Vie De Courgette’ (‘La vida de Calabacín’) film zoragarriaren ostean, Claude Barras suitzarrak bere bigarren animaziozko film luzea dakar: ‘Sauvages’ (‘Salvajes’). Hau ere stop motion teknika erabiliz sortu du.
Borneon girotua, oihan tropikal handiaren mugan, Keria protagonistak tximino kume bat topatuko du; neskatoaren aitak lan egiten duen olio-palmondoen sailean dago. Bere lehengusu Selairekin eta orangutan kumearekin batera, Keria basoaren suntsipenaren aurka borrokatuko da.
Oraingoan alegia ekologiko bat aurkezten du, tolerantziaren balioak eta kultura-aniztasunaren onarpena sustatzea helburu duena. Zuzendariak gure kontsumo-gizarteak eragiten dituen ingurumen-suntsiketa eta biodibertsitate-galera salatzea du helburu.
Zinema hedatzeko eta ahalduntzeko tresna boteretsua da, eta, beraz, baliabide hori erabiltzen du zuzendariak aldarri hori plazaratzeko. Mezu hori indartzeko, gainera, sentsibilizazio-kanpaina bat egin du, oihan tropikala zaintzeak duen garrantziari buruz hausnartzeko.
Barras
‘Ma Vie De Courgette’ filmari esker, kritikarien eta publikoaren txalo zaparradak bereganatu zituen. Filma Cannesko zinema jaialdian aurkeztu zuten Errealizatzaileen Hamabostaldian, eta Annecyn (Estatu frantziarra) egiten duten animaziozko filmen jaialdi ezagunean film onenaren saria eta ikus-entzuleen garaikurra eskuratu zituen. Urrezko Globoetan eta Oscar sarietan ere izendapenak lortu zituen. Ostera, 60 herrialdetan baino gehiagotan banatu zen.
Courgette (euskaraz, kuiatxoa) mutiko ameslariaren istorioa azaltzen du. Aita superheroi gisa irudikatzen du, eta ama alkoholikoarekin bizi da. Bizi duen egoera latza dela eta umezurztegi batera eramango dute, beste bost neska-mutilekin bizitzera.