INFO

2025ean 3.000 bat enplegu sortzea aurreikusten dute Gipuzkoako enpresek, gehienbat zerbitzuetan

Adegi Gipuzkoako enpresen elkartearen inkesta baten arabera, batez ere zerbitzuen sektorean 2.500 eta 3.500 enplegu artean sortzea aurreikusten dute enpresek. «Gure industriaren lehiakortasuna sendotzen lagunduko duten beharrezko neurriei batera ekiteko» erantzun kolektiboa behar dela uste dute.

Jose Miguel Ayerza, Isabel Busto eta Patxi Sasigain, ostiral honetako aurkezpenean. (Maialen ANDRES | FOKU)

2025ean, Gipuzkoan, urteko batez besteko soldatapeko 2.500 eta 3.500 enplegu garbi artean sor daitezke, batez ere zerbitzuen sektorean. Hala ondorioztatu dute Adegi patronalak Gipuzkoako enpresei egindako inkesta batek.

Ostiral honetan aurkeztu ditu inkesta horren emaitzak Isabel Busto Gipuzkoako enpresen elkarteko presidenteak Jose Miguel Ayerza zuzendari nagusiarekin eta Lehiakortasun eta Berrikuntza arduradun den Patxi Sasigainekin, Donostian egindako agerraldian.

Inkestaren emaitzen arabera, enpresen %90,5ek plantillak mantenzea edo handitzea aurreikusten du 2025erako. Enplegu maila handitzea aurreikusten dutenak %20 dira, iazko urtarrilean baino 2,5 puntu gutxiago.

Industria enpresen enplegu maila %13,5 handitzea aurreikusten dute (metalikoen artean %15,5, makinerian %19, eta ez-metalikoen %5). Eraikuntzan %30 dira eta zerbitzuen sektorean %32 (merkataritza eta ostalaritzaren %10 eta enpresentzako zerbitzuen %48).

Aldiz, enplegu maila %9,5 jaistea aurreikusten duten enpresak iaz baino -0,5 puntu gutxiago dira, baina 2023ko apirilean eta irailean baino +0,5 puntu gehiago. %70,5ek aldaketarik gabe eustea aurreikusten du.

Merkatua eta eskariak

Bestalde, nabarmendu dutenez, hamar enpresatik zortzik uste dute merkatuaren egoera normaltasunekoa edo suspertzekoa dela, iaz baino lau puntu eta erdi gutxiago. Hala ere, Gipuzkoako industria enpresen ia herenak uste du bere merkatuak atzeraldian daudela, iaz baino bost puntu gehiago.

Eskari zorroari dagokionez, ia hiru enpresatik batek dio eskari maila ahula duela, azken urteetako maila altuenetakoa, eta bostetik batek uste du eskari maila altua duela, 2021eko urtarriletik izandako mailarik txikiena.

Batez besteko fakturazioa %1,2 igo zen aurreko hiruhilekoaren aldean, %0,7 industrian: +%1,3 eraikuntzan eta +%3,3 zerbitzuen sektorean. Barne Produktu Gordinaren bilakaerari dagokionez, aurten iazkoaren antzeko hazkundea espero dute, +%1 eta +%2 artekoa.

Aurkezpenean adierazi dutenez, «ziurgabetasunaren eta lehiakortasun erronken aurrean, Adegik garrantzitsutzat jotzen du erantzukizun kolektiboko ariketa bat egitea, gure industriaren lehiakortasuna sendotzen lagunduko duten beharrezko neurriei batera ekiteko. Izan ere, hori da gure ekonomiaren motorra eta, neurri handi batean, ongizate maila handiaren erantzulea, eta litekeena da hori bermatuta ez egotea, azkar eta sendotasunez jarduten ez badugu».