INFO

Artola prest da ostegunean, Tolosan, Elordi-Zabaletaren kontra play-offa jokatzeko

Artola-Mariezkurrena II.a eta Elordi-Zabaleta ostegunean, lehenengo aukeran, saiatuko dira finalerdietarako txartela lortzen. Galduz gero, beste aukera bat izango dute igandean Eibarren, Jaka-Imaz eta Peña II.a-Albisuren arteko neurketako galtzailearen kontra.

Artola-Mariezkurrena II.a eta Elordi-Zabaleta, astelehen honetan, Tolosako Beotibarren. (BAIKO PILOTA)

Behin eta berriro errepikatzen gabiltza pilotak ez duela atsedenik. Binakako Txapelketako ligaxka, urtean zehar dagoen txapelketako fase luzeena, igandean bertan amaitu berritan, hementxe dugu jada play-offa. Altuna III.a-Bikuña azken bikote kanporatua izanda, ostegunean play-offetako lehen partida egongo da jokoan Tolosako Beotibarren.

Bertan Artola-Mariezkurrena II.ak eta Elordi-Zabaletak ikusiko dute elkar. Eta bai, ondo irakurri duzue. Iñaki Artola oso ondo ezagutzen duen pilotalekuan berragertuko da, ligaxkako azken jardunaldian ezin jokatu egon ostean. Bere tokia Urrutikoetxeak hartu zuen eta arazorik gabe irabazi zieten Salaberria –Ezkurdiaren ordezkoa– eta Rezustari (22-11), gehienbat Mariezkurrena sasoiko dagoela erakutsi zuelako.

Alegiako aurrelariak, bere bikotekide Mariezkurrena eta Elordi-Zabaletarekin batera, astelehen honetan egindako material aukeraketan parte hartu eta ostegunean jokatzeko prest dagoela aitortu du.

Gainera, Baikok zabalduriko bideo motz batean, alegiarrak adierazi du «partida ederra bezain gogorra» espero duela Beotibarren. Aurkariak «bikote handia» bezala deskribatu ditu. «Gure onena eman beharko dugu irabazteko eta helburu horrekin aterako gara», amaitu du.

Bi bikoteak ideiak garbi kantxaratuko dira. Irabazten duenak finalerdietarako sailkapen zuzena lortuko du. Bertan daude jada Ezkurdia-Rezusta eta Laso-Iztueta. Tolosan galtzen duenak, berriz, beste aukera bat izango du igandean, Eibarreko Astelenan, Jaka-Imaz eta Peña II.a-Albisuren ostiraleko partidan galtzaile ateratzen den bikotearen aurka.