
Gaur jokatu diren Binakako Txapelketa nagusiko bi partidetan ez zegoen gauza handirik jokoan, baina gutxienez ikusi da Jon Mariezkurrena sasoi bikainean iritsiko dela datorren asteburuko play-offetara. Berriozarreko atzelariak erakustaldi aparta eman du Bilboko Bizkaia pilotalekuan eta Mikel Urrutikoetxea ordezkoaren laguntzarekin 22-11 menderatu dituzte Salaberria eta Rezusta.
Ligaxka laugarren amaitu duten Elordi-Zabaleta –ostiralean 21-22 menderatu zituzten Jaka eta Eskiroz– eta Artola-Mariezkurrena II datorren ostegunean neurtuko dira Tolosako Beotibar pilotalekuan. Irabazlea finalerdietan sartuko da eta galtzaileak beste aukera bat izango du igandean Eibarren.
Urrutikoetxea eta Mariezkurrena oso ongi sartu dira partidan, markagailuan 5-0 aurreratuz. Mariezkurrena nagusitu egiten zen atzeko koadroetan eta Urrutikoetxeak ongi baliatu ditu bere aukerak. Ezker airez hiru tanto egin ditu jarraian lehen txanpa horretan.
Giroa hotz samarra zen, ordea, tentsio falta nabaritu egiten zelako, eta Mariezkurrenak berak ere egin ditu pare bat opari. Apurka-apurka urdinak ere berotzen joan dira eta markagailua parekatzeko gai izan dira seinakoan. Iker Salaberriak pare bat tanto on egin ditu, Urrutikoetxeak hutsen bat ere bai gero, eta aurretik ere ipini dira 6-7.
Baina parekotasuna, baldin bazegoen, hortxe amaitu da. Mariezkurrenaren agintea nabariago egiten joan den heinean handitu dira markagailuan aldeak. Urrutikoetxeak pare bat erremate eder egin ditu lehenik, eta gero atzelariaren bonbardaketa hasi da. Mariezkurrenak hiru errebote argi sartu ditu Rezustaren etsipenerako.
Markagailuan zer eginik ez zegoela ikusita, minik ez hartzea bilakatu da lehentasun nagusi, eta zorionez halaxe izan da, partida 22-11 amaituz.
«Helburua ligaxka sentsazio onekin amaitzea zen. Hori lortu dut, pilota ederki sartu zait eskuan hasieratik, eta pozik amaitu dut. Jada osteguneko partidan pentsatzen hasi behar dugu», adierazi du Jon Mariezkurrenak demaren amaieran.
«Partida gogorra izango da. Elordik eta Zabaletak ez dute beren mailarik onena eman oraindik, eta hala ere laugarren amaitu dute ligaxka. Alde ona da galduta ere beste aukera bat edukiko genukeela, baina ez dugu horretan pentsatzen, ostegunekoa irabaztera irtengo gara», gaineratu du atzelari nafarrak.
Mikel Urrutikoetxea ere pozik zen, txapelketan jokatzeko aukera izateagatik, ordezko bezala izan arren. «Jonekin jokatuta dena askoz errazagoa da. Azkenaldian pozik nabil. Buruz buru jokatzea jada gehiago kostatzen zait, adinarekin txispa galtzen duzulako, baina binaka gustura nabil, tantoa amaitzen eroso».
Ligaxkako lehen postua Ezkurdia-Rezustarentzat
Gaur galdu arren, Ezkurdia-Rezusta izango da ligaxka lehen postuan amaituko duen bikotea, hori eragozteko aukera zuen beste bikoteak ere, Laso-Iztuetak, galdu egin duelako Iruñean. Hori bai, Senar gaztea aritu da Lasoren ordezko moduan, are gazteagoa den Martxel Iztuetarekin, Peio Etxeberria eta Martijaren aurka. Aspekoek azken postuan amaitu dute ligaxka, baina gutxienez garaipen batekin agurtu dute beraientzako bereziki zaila izan den txapelketa.
Partidaren lehen zati luzea nahiko parekatua izan da, baina bigarren erdian abantaila handia hartu dute Etxeberriak eta Martijak, 20-13 aurreratuz. Azkenean apur bat hurbildu dira Baikokoak eta emaitza 22-17koa izan da.
_copia.jpg)
Irauli ekimena: Euskal Herriko familia euskaldunen korapiloak askatzeko topagune berria
Localizada la joven de 23 años desaparecida desde el día 25 en Donostia

El primer festival Aske pone la banda sonora a una Euskal Herria libre

La Ertzaintza deja impune la desaparición del test de drogas del hijo de un jefe policial

