Gora Herriak jardunaldiak hartuko ditu Pasai Donibanek ekainaren 7ra arte
Urtero bezala, aurten ere Gora Herriak jardunaldiak ospatuko dira Pasai Donibanen ostegun honetatik datorren ekainaren 7ra arte. Hitzaldiek, bertso eta kantu emanaldiek eta zenbait kontzertuk herria girotuko dituzte. Aurten Abya Yala Amerikako jatorrizko herriak izango dira hizpide nagusia.
Ostegun honetatik, maiatzak 22, hasita, kulturartekotasuna ospatzen duen Gora Herriak jardunaldiak ospatuko dira beste urte batez Pasai Donibanen, Bixi Bixi elkarteak antolatuta. Edizio honen erdigunea Abya Yala jatorrizko herriak izango dira. Hau da, Panamako eta Kolonbiako herri indigenek sortutako izena, Amerikako kontinenteari erreferentzia egiteko erabiltzen dena, Europako kolonoek jarritakoaren ordez.
Beraz, ‘Abya Yala: aniztasuna eta erresistentzia’ izango da jardunaldiak ostegunean irekiko dituen hitzaldia, Kultur Aterpean, Garabide sareko Jon Sarasuaren eta Yuma Forero antropologoaren eskutik. Hurrengo hitzaldia asteartean izango da, hilak 27: ‘Nasa herria: hizkuntza biziberritzea. Honetan Carlos Ruda Nasa herrikoak eta Arkaitz Zarraga Azurmendi ekintzaileak hartuko dute hitza.
Hurrengo ostegunean, maiatzak 29an, ‘Amalurra: emakumeen lidergoak Guatemalako Maia q'echi' komunitatean’ hitzaldia hartuko du Kultur Aterpeak, Leire Artola Argiako kazetariaren eta Amets Ladislako eta Malu Egiluz Etxalde Mugimenduko eta Via Campesinako kideen eskutik.
Ostiralean, 30ean, hitzaldi-ikastaroa eskainiko du Betania Mendoza bitartekaritza artistikoko bideratzaile argentinarrak, ‘Cosmovisión, territorio y afecto’ izenburupean. Hurrengo egunean, larunbatean, bertsoak eta kantuak eskainiko ditu Jon Sarasuak Andoni Egaña, Eneritz Artetxe eta Nerea Elustondo bertsolariekin. Hauekin ere izango dira Maddi eta Ainhoa Sarasua eta musika Jimmy Bidaurretaren eskutik joango da. Ekainak 2an, astelehenarekin, hitzaldiak itzuliko dira. ‘Mugaz gaindiko herriak’ Roberto Awanari (guaraniak) eta Luis Alberto Conejo (Kichwak) eskainiko dute.
Ekainak 4an, aldiz, dekolonizazioaz arituko dira Cira Crespo historialariak eta Celeste Agüero kantari, militante argentinarra, bollera eta antiarrazistak. Astea amaitzeko kontzertu bana eskainiko dituzte Olloki eta Ingot taldeek, Meipin.
Hitzordu nagusia, hala ere, ekainak 7an izango da, larunbata, Meipin. Kalejira batekin hasiko da eguna 12.30ean Santiago plazatik, Uztaritzeko Ihauteriak eta Ekuadorreko Diablada de Pillaro taldeek musikatuta. Jarraian ‘Elezaharrak y leyendas’, ‘Kantuak eta kontuak’ ikuskizun ibiltaria izango da.
Amerikako janaria bazkaldu ondoren, ekitaldi nagusia egingo dute 17.00etan. Bertan omenaldia, txalaparta emanaldia, bertsolariak eta Lintxua dantza taldea izango dira Pasai Donibanen. Arratsaldean, 18.00etan Ritmo Forastero Kolonbiako taldeak emanaldia eskainiko du, baita Uztaritzeko Ihauteriakek eta Diablada de Pillarok ere. Gaua girotzeko ardura Hija del Nopal DJarena izango da, kunbia, saltsa, mambo eta boogaloo erritmo latinoamerikarrak nahastuz.